Jaietako "giro bikaina" goraipatu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abu. 18a, 19:36

"Giro bikaina eta jaietako ekitaldietan publikoaren parte-hartzea bizikidetza onean, gertaera aipagarri gutxirekin"; horiek dira Getxoko Herritarren Segurtasun Sailak eta Getxoko Udaltzaingoak argitara emandako balantzetik ondorioztatu daitezkeen datuetako batzuk. Bereziki azpimarratu dute tokiko arduradunek gertaeren jaitsiera Itzubaltzeta / Romo eta Portu Zaharreko jaietan. Balantze horren arabera, jaietako alde negatibo bakarra, aurreko urteetan ez bezala, Sainazioetako jaietan lapurretengatik jarritako salaketa kopuruak gora egin duela izan da. Aurten 61 izan dira eta iaz, ordea, 33. Udaltzaingoak ez du eraso sexualen delituengatik salaketarik jaso. Ertzaintza, baina, San Inazio jaietako azken egunean andrazko batek eraso sexualagatik aurkeztutako salaketa ikertzen ari da. Ustezko eraso arrazistengatik ez du ezertxo ere aipatzen Getxoko Udalak helarazitako prentsa oharrak, nahiz eta Imanol Landa alkateak erabateko gaitzespena adierazi zien. Argazkian, Getxoko Udal Gobernuko ordezkariek; oposizioko alderdien zinegotziek; Algortako Jai Batzordeko kideek; Bilgune Feminista eta beste hainbat emakume taldeetako lagunek; herriko elkarte eta eragileetako ordezkariek... eta orotara 300 lagun inguruk salatu zuten San Inazio jaietako azken egunean ustez gertatutako sexu erasoa.

Aurreko urteetan bezala, Paella lehiaketan zein San Inazio, Itzubaltzeta / Romo eta Portu Zaharreko jaietan jende asko bildu da. Istiluak gertatuko balira ere, Udalak segurtasun jarduera berezia antolatu zuen eta, horrez gain, jai batzorde desberdinen eta beren laguntzaileen elkarlana oso lagungarria izan da jarduera berezi hori ondo egiteko. Azken jaiak amaituta, Portu Zaharrekoak, Herritarren Segurtasun Arlokoek amaitutzat eman dute jaietan ezarritako segurtasun protokoloa, Koldo Iturbe Kultura zinegotziaren arabera, "balantze oso ona" utzi duena.

Iturbek, berriro ere, jai batzordeen lana goraipatu du. “Lan horrek inplikazioa handia eskatzen du, guztiz desinteresatua da eta funtsezkoa jaiak normaltasun osoz egin daitezen. Jai batzordeen eta inplikatutako udal arloen elkarlana lortu du, beste urte batez, jaiak giro onean eta pozik era baketsuan egitea. Getxon harro egon behar dugu jaiak parte- hartzearen emaitza direlako eta herri batzordeek eta lehen mailako eragile sozialek egiten dituztelako. Horiek udal babesa izaten jarraituko dute”.

Era berean, Kultura zinegotziak jaiak ez direla oraindik amaitu gogoratu du, “eta oraindik auzo batzuetakoak ospatu behar direla, beren aberastasunean eta jardueran ere handiak direnak”.

Paella Eguna

Aixerrotan egiten den ohiko Paella lehiaketa ere normaltasun osoz burutu zen. Segurtasun Arlotik adierazi dutenez, baimendutako alkoholemia-tasa gainditzea egotzita 3 administrazio-espediente abiatu ziren eta kotxe bat lapurtzea leporatuta 2 pertsona atxilotu zituzten.

Suhiltzaileek etxola batean sute txiki bat amatatu zuten eta Udaltzainek, bere aldetik, beste bat jai gunearen barruan.

Algorta

Aurtengo Saninazioetako jaietako datu positiboa, lapurretengatik eta erasoengatik salaketa kopuruak behera egin duela, "hala nola, Getxoko Udaltzaingoaren egoitzan eraso sexualen kontrako salaketarik ez dela egon (2013an bezala)", adierazi dute udal arduradunek. Ertzaintza, baina, San Inazio jaietako azken egunean andrazko batek eraso sexualagatik aurkeztutako salaketa ikertzen ari da.

Bere bulegoetan, 3 salaketa aurkeztu ziren lapurretak indarkeria erabiliz egiteagatik (iaz baino 6 gutxiago), 61 salaketa ebasketengatik (2013an baino 28 gehiago), eta ez zen erasoengatik edo askatasun sexualaren kontrako salaketarik egon, errepikatu dutenez.

Salmenta ibiltaria egotzita 5 konfiskazio egin ziren: 4 produktu ezberdinetako postuetan (jostailuak, petardoak ...) eta bat jakietako postu batean (40 kg-ko harakinak txikitu ziren).

Hiru salaketa-akta bideratu ziren, bata, tabernak ixteko ordutegia urratzeagatik, bigarrena, kanpoaldean barra baimenik gabe jartzeagatik eta, hirugarrena, musikarekin “orga” bat kalean jartzeagatik udalaren baimenik gabe.

Gidari batek baimendutako alkohol-tasa gainditzeagatik salaketa administratiboa jaso zuen. Udaltzainak sei liskar eta errietan bitartekariak izan ziren (ez zuten inor ospitalean artatu behar izan) eta delitu-historia luzea zuten bi pertsona atxilotu zituzten ezustean lapurtzeagatik (zorro-lapurrak).

Itzubaltzeta / Romo

Romoko jaietan ere ez zen gertaera aipagarririk jaso. Ebasketagatik 4 salaketa egon ziren (diru-zorroak, poltsak, eskuko telefonoak...), baina ez ziren indarkeriaz egindako lapurretak (iaz 3), ezta erasoengatik edo askatasun sexualaren kontragatik (2013an bezala).

Kalean saltzeagatik, 3 ogitarteko eta pintxo postuen aurka aktak ireki ziren eta 85 kilo haragi atzeman zituzten.

Tabernen kontrako hamar salaketa bideratu ziren ixteko ordutegia urratzeagatik, beste 5 udal baimenik gabe kanpoaldean barra jartzeagatik, 1 sonometria nibela gainditzeagatik eta beste 3 bide publikoa okupatzeagatik. Txosna bati isuna jarri zioten ixteko ordutegia ez betetzeagatik.

Udaltzainek lau liskar eta errietetan bitartekotza egin zuten (ez zuten inor ospitalera eraman behar izan) eta Herritar Segurtasunaren Legea urratzeagatik salaketa bat jarri zuten.

Portu Zaharra

Amaitu berri diren Portu Zaharreko jaiak ez dira salbuespen bat izan. Jende asko hurbildu da, giroa ezin hobea izan da eta normaltasun osoz ospatu dira, Udaletik nabarmentzen dutenez.

Ebasketengatik 12 salaketa egon dira (iaz baino 21 gutxiago) eta ez da lapurretengatik salaketarik egon, ezta erasoengatik edo askatasun sexualaren kontrako delituengatik.

Kalean baimenik gabe saltzeagatik 3 akta zabaldu dira: bat burruntzi-pintxoak saltzeagatik eta beste bi tabakoa saltzeagatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun