Ostiralean hasiko dira Leioako San Bartolome auzoko jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abu. 19a, 13:36

Bi egunez jaietan murgilduta ibili ostean, atzo bukatu ziren ospakizunak Erandio eta Leioako Santimami auzoan. Ostiralean, berriz, Basaez auzo leioztarreko jaiak hasiko dira. San Bartolome baseliza inguruan, adin eta gustu guztiei begira prestatutako aktibitateak egongo dira hilaren 25era arte, auzokoek eta hara hurbiltzen diren guztiek goza ditzaten. Horrenbestez, ostiralean botako dute txupina 19:00etan eta, ordu bete beranduago, koadrilen jaitsiera izango da, Guretzat fanfarreak lagunduta. 20:30ean, jendarteko mozorro txapelketa egingo dute eta, ordu erdi beranduago, sardinada herrikoia. Azkenik, Izargi musika taldeak alaituko du gaua. Aipatzea Leioako Udalaren Berdintasun Sailak “Jaia geurea, gauean ere bai” kanpaina abian duela txosna eta jai batzordeen artean banatuko diren pegatina eta kartelen bidez. Kanpainaren helburua da emakumeek jasaten dituzten eraso sexualen aurka jartzea eta herritarrak sentsibilizatzea, tolerantzia maila murriztuz jai testuinguruan, bai intentsitate handikoa, bai intentsitate baxukoa ere. Argazkian, dantzariak San Bartolomen, 2007ko Txitxiburruntxi Egunean.

Asko dira oraindik Leioan geratzen diren jaiak: San Bartolome, Ondiz, Udondo eta Txopoeta, eta horietan, dibertsioak eta errespetuak izan behar dute nagusi, tokiko agintariek diotenez. Ekintza horren eta beste batzuen bitartez, Leioako Udalak "berdintasunezko gizartearen aldeko apustu irmoa" erakutsi nahi du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun