Udaltzain bati eraso egitea egotzita gizonezko bat atxilotu dute Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 5a, 18:57

Lau udaltzainek 30 urteko gizonezko bilbotar bat atxilotu dute gaur goizaldean Getxo udalerrian, polizietako bati eraso egin diola leporatuta. Udaltzaingoak zabaldutako bertsioaren arabera, gertaera goizeko 2ak aldera gertatu da. Ordu horretan, udaltzain bi oinez erronda egiten ibili dira, besteak beste, tabernak ixteko ordutegia betetzen ari zela baieztatzen. Orduan, taberna batetik irtendako "hiru gizonen arteko liskarra" ikusi ei dute. Poliziek, gizonezkoen artean "berehalako erasoa gerta zitekeelakoan", tartean jarri dira, beti ere bertsio ofizialari jarraiki. Une horretan, gerora atxilotu duten lagunari "bere jarrera baztertzeko" eskatu omen diote polizia-agenteek baina bilbotarrak "uko" egin eta udaltzain bati "eraso" egin diola dio Getxoko Udaltzaingoak. Hortik aurrera, A.T. inizialekin identifikatu duten gizonezkoa atxilotu dute bi agenteek, "aldez aurretik ohartarazitako beste unitate baten laguntzaz", Atxilotuak hainbat zauri jaso du eta sendagileek artatu behar izan dute, jada polizia-etxeko ziegan egon denean. Udaltzaingoaren arabera, "liskarraren ondorioz jasandako zauriak" izan dira horiek. Erasoa jaso ei duen udaltzainak, berriz, "luxazioa du esku batean eta horrek aldi baterako ezintasuna eragin dio". Udaltzaingoa gertatutako liskarraren nondik norakoa ikertzen ari da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun