Jaia piztu da Ondizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 5a, 20:26

Gaur, ostiralarekin, abiatu dira Ondizko jaiak, ohi bezala txupina jaurtiz. Aurten iaz baino egun bat gehiago izango da ekitaldiez gozatzeko, guztira sei izango direla.Hori kenduta, Ondizko egitarauan zaharrak berri izango dira, iaz larunbatean koadrilek hartutako protagonismoa behin egonkortuta. Gaurkoan, etxafuegoa jaurtita txikienek gozatuko dute inguruaz, asteburu honetan egunero jolasteko izango dituzten ekintzak, puzgarriak eta tailerrak direla medio. Sardina jana, mozorro lehiaketa, Horas muertas eta Baketazoren kontzertua eta Trikidantz taldeak eskainiko duen erromeriak zabalduko dute gaua. Bihar, larunbata, koadrilen herri bazkaria eta neska-mutilen arteko jolasak izango dira, gauean North High Crew eta Luhartz taldeek musika doinuak jarriko dituztela. Igandean, gizonezkoen zein emakumezkoen Bizkaiko Aurresku Txapelketak jokatuko dira. Astelehenean, Andra Mariren egunean, tradizio ekitaldiak izango dira nagusi, meza, ohorezko aurreskua, Leioako kirol taldeen lore eskaintza eta nagusientzako luncha, hurrenez hurren. Asteartean, ordea, idi-probak izango dira ikusgai eta irailaren 14ko errepikapenean ohiko bakailao txapelketak eta erromeriak auzotarrak eta inguruko herrietako biztanleak erakarriko dituzte. Egun guztietan giroa jarriko du Leioa Ibaraki futbol taldeak jarritako txosnak. Egun, Bizkaiko lurraldeko lehen mailan aritzen da taldea nagusia. Argazkian, koadrila bat bakailao txapelketan / © Leioako Udala.

Egitaraua:

Irailak 5, ostirala

• 18:00etan, txupin jaurtiketa.
• Ostean, haur ekintzak, tailerrak eta puzgarriak.
• 20:00etan, sardina jana eta mozorro lehiaketa.
• 21:30ean, kontzertua Horas muertas eta Baketazo taldeen eskutik.
• 23:30ean, erromeria Trikidantz taldearekin.

Irailak 6, larunbata

• 11:00etan, lapiko eta koktel txapelketa.
• 15:00etan, koadrilen herri bazkaria.
• Ondoren koadrilen arteko jolasak.
• 19:00etan, haur ekintzak, tailerrak eta puzgarriak.
• 19:30ean, El Peli eta Mago Taylor-en ikuskizuna.
• 22:30ean, North High Crew (NHC). taldearen kontzertua.
• 23:30ean, erromeria Luhartz taldearekin.

Irailak 7, igandea

• 10:00etan, txistularien kalejira.
• 18:00etan, haur ekintzak, tailerrak eta puzgarriak.
• 19:00etan, 54. Bizkaiko Aurresku Txapelketa eta Ondizko Emakumezkoen VI. Aurresku Txapelketa.

Irailak 8, astelehena (Andra Mariren eguna))

• 10:00etan, txistularien kalejira.
• 11:00etan, meza eta ohorezko aurreskua.
• Ondoren, Leioako kirol taldeen lore eskaintza.
• 13:00etan, nagusientzako luncha.

Irailak 9, asteartea (Andra Maritxuren eguna)

• 10:00etan, txistularien kalejira.
• 12:00etan, meza eta ohorezko aurreskua.
• 19:0etan, idi-probak.

Irailak 14, igandea (errepikapena)

• 08:00etan, bizkaitar erarako bakailao txapelketaren hasiera eta lursailen zozketa.
• 10:00etan, txistularien kalejira.
• 13:00etan, Leioako musika banda.
• 14:30ean, bakailao kazolen aurkezpena.
• 16:00etan, igel-toka txapelketa.
• 18:00etan, bakailao txapelketako sari banaketa.
• Ondoren, erromeria Fan&Go taldearekin.
• 22:00etan, jaien amaiera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun