Argi-faroltxoak Aimar del Pozo ume sopeloztar gaixoaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 9a, 19:36

Sopela Kosta Fest jaialdi berriaren prestakuntza lanetan buru-belarri dabiltza aipatu udalerrian. Festibala irailaren 24tik 28ra ospatuko da herriko gune ezberdinetan, eta gustu eta adin guztietarako jarduerak izango ditu. Sopelako Udala da antolatzailea, baina herriko hainbat elkarte lankidetzan ari dira. Jaialdiari "txapela jartzeko" jarduera ikusgarri bat izango du Sopela Kosta Festak irailaren 28an. Aurreko gau bietan (ostiral eta larunbatean) lehenengo mailako kontzertuak izango dira herrian (Zea Mays, Belako, Los Coronas, Smile, Amparo Sánchez-Amparanoia, eta abar). Hilaren 28an, berriz, eta jaialdia amaitzeko, 300 argi-faroltxo hegaz egingo dute Sopelako kostaldean, zerua argituz. Horiek lortzeko txartelak eskuragarri daude jada Sopelako Turismo Bulegoetan (Larrabasterrako metro geltoki alboan eta udaletxe plazan), bi euroan. Irailaren 28an, 22:15ean Barinatxe hondartzan, eta txartelen truke herritarrek faroltxoa jasoko dute. Horien salmentarekin lortutako dirua Aimar del Pozo ume sopeloztar gaixoak behar dituen ebakuntzetarako izango da.

Aimarrek burmuin perlesia eta tetra-parexia du. Bere gaixotasunaren ondorioz, hanka eta besoen garapenean arazoak ditu, eta bere gorputzaren eskuineko aldean ere garapen arazoak ditu. Aimar hazten den heinean, bere giharrak txikiagotzen dira, hezurrak luzatzen dira eta desitxuratzen dira. Beraz, hazten den bitartean Aimarrek ebakuntzak behar ditu bere giharrak luzatzeko, hezurrekin batera hazi daitezen, Sopelako Udalak azaldu duenez..

Gaur egun Aimarrek 12 urte ditu, eta 18 urte bete arte hainbat ebakuntza beharko ditu. Ebakuntza bakoitzak 10.000 euroko kostua izan dezake. Beraz, faroltxoen salmentarekin lortutako dirua Aimarrek behar dituen ebakuntzen finantzaketan laguntzeko bideratuko dira (faroltxoak 2 euro baino gehiagoren truke eros daitezke). "Gainera, gogora ekarri gura dugu familiak Kutxabank-en kontu korronte bat duela ekarpenak jasotzeko asmoz (2095 0365 4091 03773064)", gaineratu dute tokiko arduradunek.

Faroltxoa zelan erabili

- Faroltxoak piztea errazagoa da bi lagunen artean: batek suzko bolak eutsiz eta besteak erregaiari su emanez. Ez ahaztu metxeroa!
- Poltsatik ateratzean kontu handiz zabaldu behar da faroltxoa, puskatuz edo zulatuz gero ez baita erabilgarria.
- Faroltxoa guztiz zabalduta dagoela ziurtatu, bi eskuekin erregaia sostengatzen duen uztaia eutsi eta mugimendu leunekin faroltxoa airez bete.
- Erregaia lau aldetatik piztu: sugarrak ez dezala faroltxoaren papera ukitu, erre edo zulatu egiten bada, ez baita erabilgarria.
- Goiko aldetik, faroltxoa posizio bertikalean eutsi, aire beroari esker zutik mantentzen den arte. Behin zuzen mantentzen denean, beheko aldetik eutsi.
- Faroltxoa gorantz doala nabaritzean, zure desioa eskatu eta faroltxoa askatu, ikuskizunaz gozatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun