Borja Semper Gipuzkoako PPren presidenteak
maiatzaren bukaeran iragarritakoaren haritik, Carlos Iturgaiz Angulo areetarra Europako Batasuneko Legebiltzarrera itzuliko da, nahiz eta azken hauteskundeetan ez zuen eserlekurik lortu. Horixe bera zabaldu du Eitb.com-ek. Semperrek orain hiru hilabete pasatxo esandakoaren ildotik, Miguel Arias Cañete Energia eta Klimaren aldeko Ekintzako komisario izendatu dute. Nekazaritza ministro ohia izan zen maiatzaren 25eko Europako hauteskundeetan PPko hautagaitzako buru, eta eurodiputatu karguari uko egingo dio, Europako Batzordean sartzeko, asteazken honetan iragarri den moduan. Bozetan PPk 4.074.363 boto eta 16 diputatu lortu zituen Estatu mailan, babes eta ordezkaritzaren herena bidean galduta. Iturgaizek 17. postua lortu zuen, eserlekua galduz. EAEko PPko presidente ohia orain Cañetek libre utzi duen eserlekua hartzen lehena izango da. Argazkian, Carlos Iturgaiz maiatzaren 25ean Areetako hizkuntz eskolan bozkatzen / © EAEko PP.