Getxoko Jabekuntza Eskolak 14 ikastaro eskainiko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 11a, 19:57

Irailaren 17tik 24ra bitartean zabalik egongo da Udalak antolatutako Getxoko Emakumeen Jabekuntza Eskolaren ikasturte berrirako izena emateko epea. Duela hamar urte Basauriko, Ermuko eta Ondarroako udalerriekin sarean sortu zen proiektuak egungo edizioan 14 ikastaro eskainiko ditu, eta ikasturtearen hasierako solasaldia Teresa del Valle antropologoak eskainiko du. “Eskolak emakumeen jabekuntza sustatu nahi du, bere kontzientziazioa, jendearte-eradalketarako ikaskuntza-prozesua eta horretarako tresnak eskuratzeko. Aldi berean, sareak eta partaidetza soziala bultzatu nahi dira”, azaldu du Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak. Horretarako, eskola hiru ardatzetan garatzen da, hots, prestakuntza, beste kultura batzuetako emakumeekin elkartrukea eta elkartasuna. Argazkian, Keltse Eiguren Berdintasun zinegotzia, artxiboko irudian.

Eskolak 2014 / 2015eko ikasturtean zehar gai desberdinetako ikastaroak eta tailerrak eskainiko ditu, hurrengo ildotan banatuta: komunikazioa, emakumeen nortasuna eta subjektibotasuna, elkartasuna eta elkartrukea munduko emakumeekin, feminismoa, osasuna, kultura birdefinitzen eta autonomia suspertuz. Saioak Eskolako egoitzan izango dira, Algortako Martikoena kaleko 16 zenbakian eta prezioak, 5 eta 20 euroren artekoak izango dira, ikastaroen iraupenaren arabera. Diru-sarreren Berme-Errenta jasotzen duten ikasleek, Gazte Txartela dutenek edo langabeziaren txartela dutenek bost euro ordainduko dituzte ikastaroko.

Ikasturteari hasiera emateko Teresa del Vallek, antropologoak eta EHUko katedratikoak eskainiko duen solasaldiaren titulua “El derecho a la movilidad libre y segura. Propuestas de cambio” izango da. Hitzaldia urriak 7, asteartean izango da, Villamonteko Kultur Aretoan, 19:30ean hasita.

Izen-emateak

Izen ematea egiteko emakume interesatuek inprimaki bat bete beharko dute Emakumeentzako Eskolan (astelehenetik asteazkenera 08:00etatik 13:00etara, eta ostegunean eta ostiralean 15:00etatik 20:00etara) edo www.getxo.net udal web gunearen bitartez. Plazak mugatuak dira, horregatik izena ematen duenen kopurua eskainitako plazena baino handiago bada, zozketa egingo da eta onartuen zerrendak irailak 29 argitaratuko dira Villamonteko Kultur Aretoan, Herritarren Arretarako Bulegoetan eta udal web gunean. Behin betiko matrikula Eskolan bertan egin beharko da. Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru ikastarotan eman ahal izango du izena. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da eskaera egiten dutenentzat. Informazio gehiago 94 466 01 36 telefono zenbakian eta berdintasuna[abildua]getxo.net helbide elektronikoan eska daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun