Elkartasun laranjak Itzubaltzeta eta Gernika batuko ditu asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 12a, 21:21

Hamar egun barru, irailaren 22an, Imanol Beristain Gutierrez "Lolo" itzubaltzetarra eta beste 27 gazte epaitzeari ekingo dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, Segiko kideak izatea leporatuta. Seina urteko espetxe zigor eskaerari gazteekiko elkartasunez erantzun dute herritarrek Euskal Herriko hainbat txokotan eta epaiketak zein eragingo dituen defentsa gastuak, garraioak eta dietak diruz laguntzeko zein "28ak ere libre!" nahi dituztela aldarrikatzeko hamaika ekimen burutu dituzte. Eskualdean, Itzubaltzeta / Romon izango da asteburu laranja gaur zein bihar. Iganderako, berriz, gazte auziperatuek eta Eleak mugimenduak deitutako nazio ekitaldira deitu dute. Bertan, herritarron adierazpena aurkeztuko dute jendaurrean. Itzubaltzetako asteburu laranjari dagokionez, gaur arratsaldeko 8etan abiatuko da, triki poteoz, Auzitegi Nazionalak desjabetzea agindu duen Branka kultur elkartetik. Ondoren, herriko plazan batuko dira elkarrekin afaltzeko eta Ondarroako herri harresiaren dokumentala ikusi eta hizpide izateko. Bihar, larunbata, goizeko 11etatik aurrera Santa Eugenia plazatik irten eta herria bizikletaz zeharkatuko dute. Ostean, Itzubaltzeta Kantuz abesbatzak tabernak alaituko ditu. Zintzurrak busti eta urratu eta gero bazkari legea ezarriko dute. Ekitaldiak dantzan amaituko dituzte, Kilkerren laguntzaz. Nazio ekitaldiari dagokionez, igande eguerdian deitu dute Gernikako Astra sormen fabrikan. Argazkian, uztailean Itzubaltzetan egindako agerraldia.

Herritarron adierazpena

Beraz, Eleak mugimenduak eta 28 gazte auziperatuek igandean azalduko dute hilabete hauetan garatu eta landutako "herritarron adierazpena". Aurreko agerraldian, Astra "konpromisoz" betetzeko deia luzatu zuten. Bitartean, jakinarazi zuten ez direla "etxean geratuko epaiketa iritsi bitartean" eta lanean jarraituko dutela. Gauzak horrela "oztopo berri hau konponbidearen aldeko olatua aktibatzeko" erabiliko zutela eta hitza eman zuten.

Tartean, eskertu zituzten Erandiotik, Plentziatik, Itzubaltzetatik, Euskal Herriko hamaika txokotik edota Afrika beltzetik jaso dituzten 1.000tik gorako elkartasun argazki. Izan ere, "herritar asko gara, epaiketa hau zentzugabekoa dela esaten dugunak, eta hau horrela izanik, guztion artean adierazpen bat burutzea erabaki dugu. Horretarako, eragile zein norbanako ezberdinekin harremanak burutzen ari gara, adierazpena ahalik eta pertsona gehienek babestu eta elkarrekin marrazten ari garen bidean aurrera jarraitzeko, konponbidearen norabidean urratsak ematen jarraitzeko", auziperatuek aurreratu dutenez.

Ildo berean, Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko kideak ere epaiketa zentzugabekeriatzat jo zuen. Azpimarratu duenez, "nork eta Auzitegi Nazionalak berak kendu zion zilegitasuna errotik epaiketa honi, iragan ekainean 40 gazte libre uzten zituen sententziaren idazkian. Sententziak ez baitzituen soilik errugabetzat jo. Haien jardun politikoa zilegi zela baieztatu zuen, tortura salaketei sinesgarritasuna eskaini zien, eta kausaren prozedura osoa zuzenbidearen aurkakoa izan zela onartu zuen. Ustezko delitu berdinak leporatzen zaizkie 28 gazte hauei, eta 40 gazteen aurka burututako bidegabekeria guztiak ikusten ditugu errepikatuta berriz ere. Tortura basatia barne. Epaiketa burutzea bera da zentzugabea beraz". Baina Auzitegi Nazionalak esaten duena esaten duela, "botere judiziala oro har, eta Auzitegi Nazionala zehazki, salbuespen politiken zutabe nagusienetakoak izaten jarraitzen" dutela uste du Bolinagak.

Hortaz, 28 gazte horien kontrako epaiketaz gain, beste epaiketa "politiko" batzuk badatozela ohartarazi du. Hilaren 24an, "Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatuta", Ondarroako herri harresian parte hartzeagatik bost lagun epaituko dituzte Euskal Herrian. Hurrengo hilabeteetan beste hiru lagun gehiago, Donostiako herri harresian "elkartasuna praktikatzeagatik". Urteetako espetxe zigorrak eta isun handiak eskatzen dizkiete. Bestalde, edozein unetan heldu daitezke Deustuko grebalarien aurkako, Urtzi eta Telleren aurkako espetxeratze aginduak ere. "Itxura guztien arabera gainera, epaiketak eta zigorrak biderkatu egingo dira etorkizun hurbilean. Hori baita Zigor Kodearen eta Herritarren Segurtasun Legearen erreformek ekarriko digutena. Guzti horrek erakusten digu, zoritxarrez, salbuespen politikak ez direla iraganeko kontua gure herrian. Zoritxarrez, Madriletik ez ezik Gasteiz eta Iruñetik ere sustatzen direla. Eta horren aurrean, zer egin? Orain arteko bidean sakondu. Babes herritarra biderkatu, elkartasuna ehundu, konpromisoak sendotu" eta "justiziaren alde egiteko legea masiboki desobeditzeko baldintzak eraikitzera" deitu du Eleak mugimenduak.

Bide horretan, igande honetan Astrara hurbildu eta 28 gazteei elkartasuna eta babesa adieraztera animatu dituzte "salbuespen politiken aurrean disidentzia eskubidea defendatu nahi dugun guztiak".

"28ak ere libre" Itzubaltzetan

Pasa den uztailean jarri zen martxan Itzubaltzetan "28ak ere libre" ekimena. Beristainek eta beste gazte independentistek pairatutako tortura, tratu txar fisiko zein psikologikoak salatu; militantzia politikoaren balioa eta eskubidea aldarrikatu; eta Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal herritarrak epaitzeko ahalmena ukatzea izan ziren mezu nagusiak gazteak aske uzteko aldarrikapen nagusiarekin batera. Bitartean, gazteen defentsarako beharko duten 110.000 bat euro eskuratzen lanean ibili dira herriko jaietan, besteak beste.

Auziperatutako neska-mutil guztiei Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izan izana leporatzen diete, Fiskaltzak seina urteko espetxe zigorra eskatu duela. Izan ere, delitu bera egotzi zieten urria eta urtarrila bitartean epaitutako Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarrari eta beste 39 laguni. Horiei pasa den ekainaren 11n absoluzioa eman zien Espainiako Auzitegi Nazionalean eta, egun batzuk beranduago jakin zenez, Fiskaltzak zein akusazio partikularrek uko egin zioten epaia errekurritzeari. Beraz, 40en epaia irmoa da.

Oraingo 28 gazteek epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuten pasa den ekainaren 21ean egindako agerraldian, haien aurkako frogak absolbituen aurkakoen “berdin-berdinak” direlako. Gaineratu zuten epaiketak lau hilabete iraungo duela, eta horrek gastu ekonomiko nabarmena ekartzeaz gain, "beraien bizitzetan (lanean, ikasketetan, eta abar) eragin zuzena" izango duela. Ohartarazi zuten, gainera, dagoeneko 795.000 euro ordaindu dituztela fidantzetan, bakoitzak urtebete pasa igaro baitzuen espetxean. Imanol Beristain itzubaltzetarrari dagokionez, kartzelan 16 hilabetez preso egon ostean, 2012ko otsailaren 27an zeharkatu zuen Madrilgo Alcala espetxeko atea. Senideek 30.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zuten.

Beristain 2010eko urriaren 22an atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Fernando Grande Marlaska epaileak Segiko Ipar Uribeko arduraduna izatea leporatu ziola. Bost egun beranduago, itzubaltzetarrak tratu txar fisiko zein psikologikoak pairatu zituela salatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Besteak beste, poltsa, kolpeak eta mehatxuen berri eman zuen. Harrez gero, prebentibo egoeran izan zuten Alcala espetxean, Getxotik 413 kilometrotara.

Kartzelan egon zen bitartean, alaba izan zuen Imanolek, kalera atera arte aurrez aurreko bisitetan baino ez zuena ikusi. Beristainen egoera salatzeko makina bat mobilizazio egin zuten bere herrikideek zein Algortako San Nikolas ikastolako lankideek, tartean Itzubaltzeta / Romoko hiru auzokidek 5.000 eurotako isuna ordaindu behar izan zuten, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak haien aurkako zenbait salaketa jarri ondoren.

Itzubaltzetako asteburu laranjaren kartela

IMG-20140908-WA0005
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun