Aurtengo leloaren harira, Keltse Eiguren Ingurumeneko zinegotziak honako hau esan du: “Gure kaleak ez dira mugitzeko bakarrik, harremanak edukitzeko, esperientzia berriak izateko eta elkarrekin bizitzeko lekuak ere badira. Horregatik, Mugikortasunaren Astea abagune hobezina da gure kale eta plazak zer-nolakoak izatea nahi dugun planteatzeko: bizimodu osasungarria, kirola eta paseoa sustatzeko eremuak; hainbat jarduera gauzatzeko eremu dinamikoak; eta bizi-kalitatea hobetzen duten kerik eta zaratarik gabeko eremu bizigarriak”.
Udal arduradunak, halaber, ondokoa nabarmendu du: “aste horretan kaleak eta plazak erabiltzeko modu berriak probatuko ditugu: piknikak, jolas-jarduerak eta egonleku edo lorategi txiki bihurtzen diren aisia-eremuak. Horretarako, guztiek parte hartzea gustatuko litzaiguke: bizilagunek, dendariek, haurrek eta adinduek. Guztion artean erabakitzen baitugu Getxon nola mugitu nahi dugun”.
Beste jarduera batzuk
Ohiko moduan, Europako Mugikortasunaren Asterako hainbat jarduera antolatu ditugu. Hala, hilaren 16an, asteartean, “Mugitu beste era batera” lelopean, bi tailer egingo dira Areetako Xake plazan: “Ibiltari eta oinezkoentzako oinetako egokiak” eta “Bizikletak zaintzeko oinarrizko mantentze- eta konponketa-lanak”. Alde horretatik, Udalak udal-langile guztiak lantokira bizikletaz, oinez edo garraio publikoa erabiliz joatera animatu ditu.
Hilaren 17an, asteazkenean, 08:00etatik 13:00etara, “Denda lagun” ekimenaren aurkezpena egingo da. Eskola-irteeran esperientzia horri buruzko iritziak bilduko dira.
Horrez gain, “Kalea berdez jantzi dezagun" lemapean, Algortako bizilagunei proposatu diegu hilaren 18an, ostegunean, landareak eta loreontziak balkoira edo kalera ateratzea, aparkalekuetan jartzeko. Hala, Telletxe plaza ondoko bi aparkaleku berdegune txiki bihurtuko ditugu, hainbat eremu pertsonentzako berreskuratzearen sinbolo gisa. Gainera, 18:00etatik 20:00etara, Areetako Xake plazan, lorategi bertikalei eta fatxada berdeei buruzko hitzaldi bat emango dute; halaber, Getxoko eraikin garrantzitsuetan era horretako berdeguneak jartzeko zer aukera dauden azaltzeko fotomuntaketak egongo dira ikusgai.
Hilaren 19an, ostiralean, “Eremu publikoen hamaika aurpegi” izenburupean, Getxoko ikastetxe batek “Getxon mugitzen naiz” eskola-jarduera gauzatuko du: Lehen Hezkuntzako haurrek, komiki baten bitartez, eskola-egun batean Getxon nola mugitzen diren azalduko dute. Halaber, 16:00etatik 20:00etara, Areetako Paulino Mendibil eta Andres Larrazabal kaleetan, dibertsitate funtzionaleko kolektiboek kirolak gizarte-kohesiorako eta bizikidetzarako zer aukera eskaintzen dituzten azalduko dute. Egun horretan bertan, Getxoko adin guztietako emakumeei Xake plazan biltzeko deia egingo zaie (18:00etatik 20:00etara), korri egitera edo ibiltzera joateko taldeak antolatzeko.
Hilaren 20an, larunbatean, leloa hau izango da: “Mugitzeko, aparkatzeko”. Algortako San Nikolas plazan, 12:00etatik 20:00etara, “Eremu erabilgarria” instalazio artistikoa jarriko da, eremu publikoak hainbat jarduera egiteko aukerak eskaintzen dituela adierazteko asmoarekin. San Nikolas plazan bertan beste bi ekintza antolatu dira: batetik, askaria, 16:00etatik 18:00etara (norberak eraman behar du askaria); eta bestetik, tailerra, 18:00etatik 19:00etara, eremu publikoetan era horretako jarduerak antolatzeko zer izapide egin behar diren jakitera emateko.
Hilaren 22an, astelehenean, “Eta nik zer egin dezaket?” izango da lema. Areetako Xake plazan, 16:00etatik 18:00etara, “Mugikortasuna nola hobetu” gune informatibo eta interaktibo bat jarriko da; eta 18:00etatik 20:00etara sentsibilizazio-ekintza bat planteatuko da: eguneroko ohiturak kontuan hartuta, pertsona bakoitzak atmosferara egunero zenbat CO2 isurtzen duen kalkulatuko da. Parte hartzen duten guztiei beren “isurpen-globoa” emango zaie.
Aurrekoetan bezala, Xake plazan Iberdrolak bere ingurumen-autobusa jarriko du aste osoan, energia berriztagarrien berri emateko, ordenagailu eta bideoen bitartez eta modu interaktibo eta ludikoan.
Kotxerik gabeko kaleak Areetan
Hilaren 21ean, igandean, Areetako erdigunerako bideak itxi egingo dira ibilgailuentzat, 08:00etatik 20:00etara, Kirolaren Festa egiteko (tailerrak, puzgarriak, pedal bidezko karten zirkuitua, eskalada-murru puzgarria, skate-pista txiki bat, ohe elastikoak…). Goizean, gainera, Andres Isasi Musika Eskolak kalejira egingo du. Algortan, 11:00etatik 13:00etara, batzokiko patioan “Mugitzea-Irristatzea” erakusketa izango dugu ikusgai: oinarrizko zenbait ezagutza eta truku erakutsiko dizkigute, patinak mugitzeko eta dibertitzeko bitarteko izan daitezen.
Egun horretan, Areetan ibilgailuentzako itxitako kaleetan ezingo da aparkatu; hori dela eta, Udalak gidariei eskatu die, mesedez, ibilgailuak lehenago kentzeko, "bestela garabiak eraman egingo dituelako".
Kale horietako garajeetako ibilgailuei bakarrik utziko zaie irteten. Garraio publikoko ibilgailuek eta Udalaren baimena duten establezimenduetakoek libre atera eta sartu ahal izango dute. Baimena eskatzeko telefono-zenbaki honetara deitu besterik ez dago: 944 660 191.