Horiez gain, HABEren eta EGA azterketak prestatzeko, autoikaskuntza, eta oinarrizko klaseak ere egiteko aukera ematen dute. Aurreko urteotan bezala, etorkinentzako eta dendarientzako oinarrizko ikastaroak ere izango dira. Eskaintza borobiltzeko, 6 eta 16 urte bitartekoentzat euskara eskolak emango ditu Uztarri euskaltegiak.
Klasean ikasitakoa praktikan jarri ahal izateko jarduera ugari ere antolatzen dira udalerrian, horien artean berbalaguna (euskara praktikatu eta euskaraz bizi nahi duten pertsonak harremanetan jartzen ditu) eta gurasolaguna (eskola eta familiaren esparruetan), Egizu Getxo Euskaldun elkartearen eskutik. "Horiekin etxean zein kalean euskara presente egotea bermatzen lagundu nahi da”, gehitu du zinegotziak. Jarduera horien artean une honetan euskararen edo euskaltegien aldeko esaldi batekin selfi bat bidaltzen dutenek Euskaltelek emandako sakelako telefono baten lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute (whatsapp-a 688 856 168 zenbakira bidaliz).
Udal laguntzen epea amaituta
Izena emateko epea udal euskaltegian irailaren 25ean amaituko da eta gainontzeko euskaltegietan irailaren 30ean. Udalak gogoratu du euskara ikasteko diru-laguntzak ematen dituela. Baina, zehaztu duenez, "une honetan eskatzeko epea amaitu da eta 2015eko oinarriak onartzen direnean, horien berri zabalduko du Udalak". Matrikulazio kanpainari buruzko informazio zabala www.getxo.net udal web gunean dago.