Eskoziako independentziari "yes" esan diote Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 15a, 19:22

Joan den larunbatean, hilak 13, hiru hautestontzi aurkitu zituzten Sopelako udaletxe plazara hurbildutakoek, Gure Esku Dago tokiko taldearen ekimenez. Lehenengoan, gerturatutako lagunei, Eskoziako herritar izatekotan han bozkatuko luketena bertan bozkatzeko gonbidapena egin zieten. Bigarrenean, Katalunian adostutako bi galderekin bozkatzeko aukera eman zieten. Eta hirugarren aukeran Euskal Herriak erabakitzeko eskubidearen alde dauden edo ez erantzuteko aukera eman zieten. 14:00etan, Eskoziako hautestontzian zeuden botoak zenbatu zituzten. "Yes" izan zen aukera bozkatuena eta beraz, plazan bildu ziren herritarrek "Yes" hitza osatu zuten Eskoziako prozesuarekin bat eginez, Kataluniarena babestuz eta Euskal Herrikoa martxan ipintzeko aldarria eginez. Hurrengo egunetan larunbateko ekimenaren inguruan bideo bat argitaratuko dute, egindakoa zabaltzeko eta urriaren 2an Kurtzio Kultur Etxean egingo duten herri batzar irekia iragartzeko. Argazkia: © Sopelako Gure Esku Dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun