Herri lasterketa bi eta triatloi bat asteburuan Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 16a, 13:04

Getxo 2014ko Europako Kirol Hiria dela ospatzeko jarduera-egitarauarekin bat egiten, Getxoko VIII. Milia jokatuko da larunbat honetan, hilak 20, Algorta erdigunean. Itxartu Taldeak antolatuta, Getxo Kirolak udal erakundearen laguntzarekin, lasterketa hori 12. tokian dago Espainiako Atletismo Federakundearen proben zerrendan. Antolatzaileen arabera, 400 atleta inguru izango dira lasterketan, eta horien artean, besteak beste, Iván Fernández iazko txapelduna, Diego Cuadrado Kantabriako txapelduna, Iñigo de la Granja bizkaitarra eta El Hassan Oubaddi marokoarra, gizonezkoei dagokienez; eta Leire Medina, Belit Solar, Iraia García eta Ouabha Belasenkar izango dira, emakumeen atalean. Larunbatean ere, Areetan, IV. Bizkaiko Zubia Herri Lasterketa egingo da, Mesedeetako Amaren jaiak direla eta. Azkenik, igandean, Getxok estreinaldia izango du Skoda Triathlon Series herri-triatloiaren estatuko zirkuitu barruko egoitza gisa, distantzia laburrean. Argazkian, txikienak Itxartuko krosean, artxiboko irudian / © Itxartu Taldea.

Getxoko Milia 11:40ean hasiko da, txikien kategoriekin, gizonezko atleta federatuekin amaitzeko. Horiek 12:50ean aterako dira Telletxe plazaren inguruan atondutako hiri barruko zirkuituari lau itzuli eta erdi emateko (1.609 metro). Dohainik da izen-ematea eta www.itxartu.com webgunearen bitartez eta Algortako Kantxa Kirol Moda eta Gaztañaga Kirolak dendetan egin ahal da, ostegunera arte, hilak 18. Proba egun berean ez da inskripziorik onartuko.

IV. Bizkaiko Zubia Herri Lasterketa

Bizkaiko Zubia Herri Lasterketa 10:30ean hasiko da eta bost kategoria desberdintzen ditu, gizonezko zein emakumezkoetan: junior, promesak, senior eta beteranoak, 44 urte artekoak eta 45 urtetik gorakoak. Aurten inskripzio kopurua zabaldu egin dute, 450 lasterkari onartuta, eta Bizkaiko Atletismo Federazioak bere egutegi ofizialean sartu du lasterketa, horren sustatzaileek nabarmendu dutenez.

Izen-ematea 8 eurokoa da eta www.tusresultados.es webgunearen bitartez, edo Areetako TriRunners kirol-dendan bertan egin daiteke. Zenbakia ostegunean eta ostiralean hartu ahal izango da Eskoletako plazan ipinitako txosnan, 11:00etatik 20:00etara, edo larunbatean bertan Bizkaiko Zubiko plazan, lasterketa hasi baino lehenago.

I. Skoda Triathlon Series

Igandean, hilak 21, Getxok estreinaldia izango du Skoda Triathlon Series herri-triatloiaren estatuko zirkuitu barruko egoitza gisa, distantzia laburrean. Denboraldiko azken probetako bat izango da, Gaván irailaren 28an eta Malagan urriaren 4an egingo direnen aurretik. Lasterketa honek ere Getxoko Udalaren laguntza jaso du.

Herriko kirolari batentzat proposamen egokia den lehiaketa goizeko 8ak aldera hasiko da eta Algortako Ereaga hondartza izango da bere epizentroa. Hortik udalerriko zenbait toki esanguratsu zeharkatuko ditu, Bizkaiko Zubia esate baterako. Triatloian ezarritako distantziak dira “Super Sprint” (banakakoa) -400 m igeri eginez, 10 km txirrindulaz eta 2,5 km korrika eginez-, “Sprint” (banaka eta erreleboka) -750 m igerian, 20 km txirrindulaz eta 5 km korrika- eta “Olinpikoa” (banaka eta erreleboka) -1,5 km igerian, 40 k. m bizikleta gainean eta 10 km korrikan-. Argibideak eta inskripzioak: www.skodatriathlonseries.org.

Zirkulaziorako neurriak

Hiru lasterketa direla eta, Udaltzaingoak neurri bereziak hartuko ditu ibilgailuen zirkulazioa antolatzeko, kirol probak normaltasun osoz egin daitezen eta kirolarien segurtasuna bermatzeko. Izan ere, milia egiten den bitartean, bidea itxi egingo da autoentzat Telletxe kalean, larunbatean, 11:00etatik 13:15era.

Egun berean, 10:30ak eta 12:30ak bitartean ezin izango dute autoek ibili Evaristo Churruca eta Zugatzarte eta Areetako etorbideetatik, Bizkaia Zubia Herri Lasterketa dela eta.

Azkenik, igandean, triatloiko txirrindulari lasterketa dela eta, honako leku hauek itxita egongo dira zirkulazioarentzat, 09:00etatik 12:00etara bitartean: Ereaga, Ereagako Jaitsiera, Algortako etorbidea, Mariandresena, Telletxe, Angel, Gustavo Adolfo Becquer, Gabriel Ramos Uranga, Ormaza, Sarrikobaso, Salsidu, Bolue, Euskal Herria, Txakursolo, Udaberria, Makal etorbidea, Asua-La Avanzada errepidea, Zugatzarte, Marina de Castilla eta Arriluze.

Arriluze-Ereaga-Portu Zaharra gunean ere eragina izango du probak, 08:00etatik 13:30era bitartean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun