LAB: "Urtzi Martinez eta Jon Telletxeari elkartasuna"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 16a, 18:08

Gaur, irailak 16, LABeko Nazio Biltzarrak, Donostian eginiko bilkuraren ondotik, bertan aho batez horrela onartuta, elkartasun osoa eta geure babesa adierazi nahi die Urtzi Martinez eta Jon Telletxeari. Deustuko bi gazte hauek bizi duten egoera larria salatu nahi du LABek: 2012ko martxoaren 29ko Greba Orokorraren testuinguruan, haien aurka abian jarritako prozesu juridikoaren ondorioz, bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diete, eta jada iritsi zaie espetxeratzeko agindua. Euskal Herrian bestelako eredu ekonomiko eta sozial baten aldeko lanean aritzeagatik zigortu dituzte Martinez eta Telletxea. Greba eskubidea kriminalizatu eta jazartzeko amarru sarea da bi gazteok espetxera bidean jarri dituena. Erantzun sozial eta politikoa zapaldu eta itotzea beste helbururik ez du; Martinez eta Telletxea beren auzoetako jendarte mugimenduan egiten duten lan andanagatik dira ezagunak, eta euren konpromisoari ezarritako zigorra da hau. Haien kontra eginiko prozesua judiziala eta ezarri zaien zigorra langile guztion kontrako erasoa da, beraz. Argazkian, Martinez eta Telletxearen aldeko panpina pasa den uztailean Bilboko Areatzan.

Geure eredu politiko, ekonomiko edo soziala erabakitzeko eskubidea bahitua dugu, eta inposizio ororen aurkako borroka guztiak isilarazi, gelditu eta beldurtzeko helburuz botere ekonomikoak sistema judiziala bere esanetara du. Polizia akusaziopean, frogarik gabe eraikitako muntai polizial-judiziala neurririk gabeko ankerkeria izan da, gazteenganako jazarpenagatik ez ezik, ezarritako zigorragatik ere: Bi urte eta erdiko espetxe zigorrari prozesuak iraun duen denbora, beste bi urte eta erdiko gurutze bidea gehitu behar zaio. Sorgin ehiza da, Deustun bertan 10 gazteren aurkako prozesuak judizialak abiatzea ekarri duena, eta gure mugetatik haratago ere, Estatuan, langileen borroka eta konpromisoa kolpatzeko bidean beste hamarnaka prozesu judizial abiarazi dituena.

Egungo sistema kapitalistak, krisiak eta honen eskutik zabaldu den prekarietateak, bortizki kolpatzen dituzte gazteak. Telletxeak eta Martinezek egin bezala, eredu ekonomiko eta sozial justuago bat eraikitzeko bidean lanean jarraitu behar dugu, borroka hori kriminalizatzeko ahalegin oro borrokatuz eta erasoen guztien aurrean mobilizatuz.

Amaitzeko Telletxearen eta Martinezen kontrako berehalako espetxeratze-aginduaren aurrean deituak diren mobilizazio eta protestekin bat egin eta horietan parte hartzera deitzen dugu LABetik.

LAB sindikatua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun