Pirritx, Porrotx eta Marimotots, bihar Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 16a, 19:56

Azken urteetako arrakastari eusteko asmoz bihar berriro ere Euskal Herriko pailazo maitatu eta ezagunenak izango dira Sopelan. Izan ere, Pirritx, Porrotx eta Marimotots-ek Urko kiroldegian "Bizipoza" ikuskizun berria eskainiko diete neska-mutilei, gurasoei eta txikiak laguntzeko aitzakiaren pean hurbilduko diren beste nagusiei ere. Guztientzat saio bi emango dituzte: 16:30ean eta 19:00etan. Sarrerak bost eurotan saltzeari ekin zioten pasa den irailaren 8an, lehentasuna Sopelan erroldatutakoek izan zutela. Dagoeneko, baina, edozeinek eros ditzake lerro hauek idazterakoan gelditzen diren azken 48 txartelak (16:30eko saiorako dira guztiak, 19:00etarako agortu baitira tiketak). Horretarako bi aukera dago: Kurtzio Kultur Etxera, Larrabasterrako Sopelarin bulegora edo udaletxera hurbiltzea ala Sopela.eus udal webgunean sartzea. Edozein kasuan, aurretik agortu ezean, bihar arratsaldeko 2ak arte erosi ahal izango dira. Argazkian, 2013ko irailaren 12an, 1.200 lagun egon ziren Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikusten Larrabasterrako Urko kiroldegian / © Sopelako Udala.

Emankizunean, pailazoak "irripidean" barrena abiatzera doaz Panpoxa furgonetan. Txernobyldik datorkien laguna jasoko dute aireportuan. Marimotots Panpoxa martxan jartzen saiatu da, baina ezin: motorra puzkerka hasi da, ke artean eztulka. Matxuratuta dago plazaren erdian. Arduratuta daude gure lagunak, aireportura nola iritsi ez dakitela. Plazan daudela, handik eta hemendik, laguntza ez zaie faltako, eta konturatuko dira bizkarra emanaz elkarri denok garela elbarri. Kantuan eta dantzan, bizipozez eta auzolanean, mundu berri bat dugu zain.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun