Zientzia fikzio idazle izateko astia bada oraindik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 16a, 22:45

Datorren azaroaren 3ra arte zabalik izango da Alberto Magno Literatura Lehiaketa, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatutako zientzia-fikzio kontakizunen dema. Aurten XXVI. ediziora heldu da eta Espainiako Estatuan zientzia-fikziozko eta zientzia gaien inguruko fantasiazko lehiaketa zaharrena da. Parte hartzaileek 15.000 eta 25.000 hitz bitarteko lanak aurkeztu beharko dituzte, euskaraz edo espainolez, 2.000 euroko lehenengo saria edota 1.000 euroko bigarrena irabazi nahi izanez gero. Horretarako, izkribuaren hiru kopia eman beharko dituzte, eskura edo postaz, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanotzan. Halere, Iberiar Penintsulatik kanpo egonez gero, posta elektronikoz bidali ahal izango dira, ztf.albertohandia[abildua]ehu.es helbidera. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat irakaslek osatuko du eta sari emanaldia abenduaren 19an egingo da, urte bukaerako ekitaldi berezi batean, tartean zientzia-fikziozko filmak eta hitzaldiak ere izango direla. Argazkian, HAL 9.000, "2001: A Space Odyssey" filmaren antagonistaren bertsio bat / cc-by-nc-nd Erin Williamson.

2012tik geroztik, kontakizun irabazleak formatu digitalean argitaratzen ditu EHUk. Besteak beste, 2007tik 2010era bitartean saritutako kontakizunak (pdf). irakur daitezke horrela. Bilduma horri 1994an, 1999an, 2003an eta 2006an argitaratutako paperezko lau liburukiak gehitu behar zaizkio. Hala, orain arte egin diren 25 deialdietan, guztira zientzia-fikzioko 1023 kontakizun aurkeztu dira.

Iaz, Alberto Magno lehiaketaren hogeita bosgarren deialdian 100 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 66 onartu ziren eta 34 baztertu, arauak betetzen ez zituztelako. Euskal Herritik ez ezik 19 estatuetatik ere bidali zituzten lanak, hala nola, Espainia, Alemania, Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Ekuador, Estatu Batuak, Frantzia, Guatemala, Honduras, Mexiko, Israel, El Salvador, Suedia, Uruguai eta Venezuela.

2013an, lehenengo saria, 2.000 eurokoa, Santiago Garcia Albasi gasteiztarrak eskuratu zuen “El Rey Lansquenete” lanagatik. Bigarren saria, ordea, 1.000 eurokoa, Jose Angel Menendez Lucas-ek (A Coruña) eraman zuen “Tellus” lana dela eta. Bestetik, hiru finalista izan ziren: “La paradoja de Teseo” Javier Castañeda de la Torreren (Madril) lana, “Podemos celebrar ya la victoria?” Víctor Guisado Muñozena (Bartzelona), eta “Pelh 0212” Manuel Garciia Canosena (Londres).

Leonardo Lorente irakasle eta jardueraren bultzatzaileak Literfan fantasiazko literaturari buruzko atariari azaldu bezala, "Zientzia zen zientzialariaren kezka hurbilenak biltzeko gairik egokiena, laborategietako esperientziaren errealitate gordinarekin gehiegitan talka egiten duten hipotesi, ideia eta fantasiak gauzatze aldera; aldiz, paperean jarrita, norberaren irudimena eta zientzia-fikziozko generoaren joko arauak dira muga bakarrak".

Lehiaketaren kartela

poster_2014_baja2
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun