.eus domeinua laster edonoren esku

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 16a, 23:59

PuntuEUS fundazioak euskara eta euskal kulturaren domeinuak erregistratzeko aukera zabaldu du gaur arratsaldean, Bilbo Hiria irratiak zabaldu duenez. Bilboko Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan abiarazte-aldiaren inguruko xehetasunak eman ditu Josu Waliño PuntuEUSen zuzendariak. Azaldu duenez, gaurtik eta azaroaren 18ra arte, batez ere, elkarte, enpresa eta instituzio publikoen domeinu izenei bideratuta dago, domeinu-izenak eskatzeko eta babesteko balioko du. Fase honetan, domeinu-izenak dagokienei ematea bermatu nahi dute; eta ICANNekin hitzartutako irizpideak oinarritzat hartuta. Babes lana egingo dute horretarako, benetan hori ziurtatzeko. Behin lan horiek eginda, arauak betetzen dituzten domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Hortik aurrera fase irekia edo Erregistro Orokorra zabalduko da. Argazkian, Waliñorekin batera .eus eskatu duten hainbat eragile izan dira Bilbon, hala nola, EHU, Bera Bera kirol elkartea, Arabar Errrioxako Compañon Arrieta upategia edo Ustaritzeko Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzua / © PuntuEUS fundazioa.

Erregistratzeko prozedura

PuntuEUSek gogoratu duenez, edonork eska dezake .eus domeinu-izen bat, .com edo .org bezala. Izan partikularra, erakunde, enpresa edota elkartea, izan hemengoa edo hangoa. .eus domeinu-izen bat eskuratzeko ez da eskatzailea nor den begiratuko, webgunea baizik.

Fundazioak kaleratu duen bideoan azaltzen denez, domeinua eskatzeko pausuak hiru dira: www.domeinuak.eus webgunean sartu eta domeinua eskuragarri dagoen begiratu. Eskuragarri badago, agertuko den erregistradore zerrendatik bat aukeratu; eta, haren webgunean, erosketa prozesua gauzatu. Erregistradore bakoitzak ezartzen du bere .eus domeinu-izenen azken prezioa, eskaintzen dituzten zerbitzuen arabera. Hau da, erregistradore ezberdinek prezio ezberdinean eskain dezakete. Prezioak beste zerbitzu batzuk ere barnebil ditzake (.eus posta elektronikoa, DNSen kudeaketa, web espazioa, laguntza eta abar). Edozein kasutan, .eus domeinuen azken prezioa erregistradoreek finkatzen dute.

Guztion domeinua

Urte amaiera bitartean domeinu-izenen eskaria handia izatea espero da eta 2.000 domeinu aktibatzea aurreikusten da. Josu Waliñok domeinuaren erabilgarritasuna azpimarratu du, “lortu behar dugu euskal gizarteak .eus bere domeinutzat hartzea. Ez hartzea, soilik, euskararen inguruko domeinu baten gisara: euskal jendarte gizartearen domeinu izan behar du, euskal kulturarena, eta gure etxe azpian dagoen ile apaindegikoak duen webgunearena… Hori lortu behar dugu: .eus zabaltzea euskal komunitate osora”. Aurreko urratsa pasa den ekainaren 28an eman zuten. Orduan, domeinu berriaren 92 aitzindariak aurkeztu zituzten.

Prozesua azaltzeko fundazioak kaleratu duen bideoa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun