Prozesua maiatzaren 22an hasi zen, udaletxean ospatutako tailer ireki baten bidez. Horren ostean bilera sektorialak egin dira herriko hainbat eragile edo talde soziologikorekin: eskoletako ikasleak (Zipiriñe, Iberre eta Ander Deuna), dendari txikiak, herriko elkarteak, emakumeak eta nagusiak. Tailer bakoitzean herritarrek herriko mugikortasuna aztertu dute eta hausnarketa kolektibo bat egin dute, ekarpenen bidez.
Auzokideen iritzia jaso ostean, Udalak kontratatutako HiriDunak taldeko teknikariek herriko erdigunean mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko hainbat proposamen egin dituzte. Proposamen horiek udal igerilekuen sarreran egongo dira ikusgai, irailaren 19tik urriaren 3ra arte. Erakusketa horietan teknikariak izango dira, herritarren zalantzak argitzeko eta proposamenak azaltzeko.
Herritarrek, beraz, berriro ere euren iritzia emateko aukera izango dute, eta behin ekarpen guztiak jaso ostean, behin-betiko proiektua sortuko da. Sopelako Udalak auzokideak animatu gura ditu erakusketan parte hartzera.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.