Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dute bihar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 17a, 12:52

Ostegun honetan, irailak 18, eskoziarrek euren etorkizuna erabakiko dute erreferendum bidez, herrialde independentea izan ala Erresuma Batuaren menpe jarraitu. Erabakitzeko eskubide demokratikoaren gauzatze hori ospatzeko eta, era berean, Euskal Herriarentzat ere aldarrikatzeko Getxoko Gure Esku Dago taldeak ekimena antolatu du Algortan. 20:00etan jarri dute hitzordua Telletxen kontzentrazioa egin eta, ondoren, kantu-poteoan abiatzeko. Gure Esku Dagok kamisetak, banderak (Eskoziakoa, senyera, ikurrina, Nafarroakoa...) eta musika tresnak eramateko deia zabaldu du. Bitartean, Algortako eta Getxoko Ezker Abertzaletik babes osoa eskaini dio ekimen horri. Eskualdeko gainontzeko herriei dagokienez, besteak beste, Sopelan, kontzentrazioa deitu du EH Bilduk, "Gurean ere independentzia!" lelopean. Hitzordua 19:30ean izango da, udaletxeko plazan. Argazkian, larunbatean, Sopelako Gure Esku Dago taldeak bozketa birtual bat egin zuen Eskoziari eta Kataluniari elkartasuna adierazteko / © Sopelako Gure Esku Dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun