Euskararekiko "sentsibilitaterik eza" egotzi dio LABek Metro Bilbaori

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 17a, 13:03

LAB sindikatuak irailaren 8an Metro Bilbaoko Zazpi Kaleak, Abando, Moyua, Indautxu eta San Mameseko geltokietan jarritako "Diálogos: Arquitectura Vizcaína del siglo XXI" erakusketa "berehala kentzeko" eskatu du, erakusketa osatzen duten 35 taulak gaztelania hutsean daudelako. Sindikatuaren ustez, "sinestezina da garraio publikoaren zerbitzuan horren nabarmen urratzea erabiltzaileen hizkuntza eskubideak". LABek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Metro Bilbaok doan utzi ditu instalazioak Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa Ofizialak egindako erakusketa jartzeko, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza babesle nagusi dituela. Sindikatuaren iritziz, "utzikeria nabarmenez ari dira erakunde horiek guztiak, euskaldunen hizkuntza eskubideak zaindu eta leku eta instalazio publikoetan, hala nola Metro Bilbaoko geltokietan, euskararen presentzia eta erabilera sustatu beharko lituzkeen arren". Halaber, LABek salatu du Metro Bilbaoko zuzendaritzak "ez duela sentsibilitaterik hizkuntza kontuetan, ez baitu inolako hizkuntza eskakizunik ezartzen ez eta inolako jarraipenik egiten diskriminazio horiek saihesteko". Argazkian, Leioako alkate izandako Eneko Arruebarrena da Metro Bilbaoko egungo zuzendaria.

LABen ustez, "horrelako urratzeek argi erakusten dute hitzetatik ekintzetara igaro behar dela, eta Metro Bilbaok baliabideak eta aurrekontua bideratu behar dituela hizkuntzen kudeaketarako arlora, hiriarteko trenean euskararen normalizazioan ganorazko lana egingo bada".

Horregatik guztiarengatik, LAB sindikatuak Metro Bilbaoko zuzendaritzari eta erakunde publiko laguntzaile guztiei eskatu die gaztelaniazko taulak kendu eta erakusketa elebitan jartzeko, "lehenbailehen, herritar guztion hizkuntza eskubideak bermatzeko".

Azkenik, LABek garraio enpresako zuzendaritzari galdegin dio, "erakunde eta protokolozko adierazpenez haratago, urrats sendoak egin ditzala Metro Bilbaoko langileek euskaraz lan egin ahal izan dezaten, barruko eta kanpoko harremanetan".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun