Erandioko Udalak harrera ofiziala egingo dio bihar, osteguna, Goiherri Sokatira Taldeari. 20:00etan izango da ekitaldia, udaletxean. Herritarrok ere "zorionak" eta "eskerrik asko" esan nahi diete hiru arrazoirengatik: batetik, euskal selekzioaren alde lan bikaina egin dutelako. Bestetik, Sokatirako Euskal Selekzioak "Basque Country" izenarekin nazioartean ofizialki lehiatzea lortu dutelako. Eta, azkenik, ikurrina podiumera igo dutelako. Izan ere, uztailean, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioa eskubide osoko kide gisa onartu zuten Nazioarteko Sokatira Federazioan, hamazazpi bozetatik aldeko hamahiru jasota. Horren ostean parte hartu zuen euskal selekzioak munduko txapelketan abuztuaren bukaeran Wisconsinen (AEB), brontzezko bi domina lortuz. Basque Country izenarekin lehiatu ziren, eta Hego Euskal Herriko sokatiralariak bakarrik eraman zituzte, Frantziak baduelako sokatira federazioa. Kanada, Italia, Hegoafrika, Suitza, Suedia, Ingalaterra, Irlanda, Txina, Belgika, AEBak, Letonia, Alemania, Israel, Herbehereak eta Nigeria izan zituen aurkari euskal selekzioak. Taldekako lehiaketan, Gaztedik, Goiherrik eta Mutrikuk parte hartu zuten. Sokatira talde erandioztarrari txalo zaparrada eskaintzeko, bihar, 19:45ean jarri dute hitzordua udaletxe aurrean. Argazkian, ekimen iragartzeko kartela.