Larunbat honetan, irailak 20, Armintzako beteranoen estropada, VII ikurrina, jokatuko dute Armintzako portutik abiatuta, 12:00etan. ABE ligako hamaikagarren jardunaldia dugu hau, 2014ko ABE ligako azken jardunaldia eta aurreko ekitaldietan bezala, arraun jardunaldi goxoa eta kalitate handikoa izatea eta trainerurik onena txapelduna izan dadila espero dute antolatzaileek. Informazio osagarri bezala, estropadaren eremua 3500 metro eta 4 luze eta 3 ziaboga izango dira. Horrenbestez, 9 traineruk parte-hartuko dute 3 txandatan banaturik (hirunaka aterako dira). Hurrenez hurren, hirugarren txandan lehiatuko dira Getxo eta Arkote (Plentzia), eskualdeko ordezkariak. Zumaiak, aurtengo traineru gonbidatuak, ez dute parte hartuko, antolaketa arazoak direla eta. Estropada eta gero triki-poteoa eta herri-bazkaria (frontoian) egongo dira. Eta azken horren ostean, trofeoak eta ikurrina emate saioa. Argazkia: © Arkote Beteranoak.