Uribe Kosta osoan garatuko da "Zatoz euskarara" kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 17a, 16:40

Ondoko euskaltegira jo eta matrikulatzeko eskatu diete gaur bizkaitar erdaldun helduei hainbat erakundetako ordezkariek. Erandion, Uribe Kostan eta Bizkaia osoan zabalduko den "Zatoz euskarara" kanpainaren aurkezpenean egin dute eskaera hori, euskaltegietan arian-arian euskalduntzen diren herritarrak euskara eguneroko bizimoduan erabil dezaten animatzearekin batera. Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak Bilbon duen egoitzan plazaratu dute iazko ekimen bera, Bizkaiko euskaltegietan helduen matrikulazioa sustatzeari begira. Imanol Landa Getxoko alkateak anfitrioi lanak egin ditu, Eudelen ordezkari gisa. Berarekin batera izan dira Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua, Patxi Agirregomezkorta Ulibarri euskaltegiko zuzendaria eta Joseba Urriz Barakaldoko Udal Euskaltegiko zuzendaria. Argazkian, kanpainaren kartela erakutsi dute antolatzaileek / © Bizkaiko Foru Aldundia.

Helduen euskalduntzearen sarea

Bizkaian helduak euskalduntzeko eskaintza "guztiz oparoa" da kanpainaren bultzatzaileen ustez, euskaltegi publiko nahiz pribatuei dagokienez. Hala, sare publikoa 21 udal euskaltegiz osatuta dago, oro har, Bizkaiko herri populatuenetan banatuta. Sare pribatua, berriz, 45 euskaltegiz osatuta dago eta eskaintza joriena Bilbon metatzen den arren, Bizkaiko herri gehientsuenetan ematen dute zerbitzua. Uribe Kostari dagokionez, Erandio, Getxo, Leioa eta Sopelako udalek badituzte zentro publikoak. AEK-k, berriz, Leioa, Getxo, Plentzia eta Gorlizen ditu euskaltegiak. Jose Antonio Agirrek ere Getxon dihardu.

2012-2013 ikasturtean, ia 23.510 ikasle aritu ziren euskara ikasten Bizkaiko euskaltegietan (41.200 elkarte autonomoan). Horietatik %27 inguruk (%23 EAEn) euskaltegi publikoetan ikasi zuten eta %73 (%76 EAEn) euskaltegi pribatuetan. Guztira, aipatutako ikasturtean, 4.026.743 ikasle-ordu eta 351.462 talde-ordu eman ziren gure lurraldean. Bestetik, matrikulazio-aldia oraindik amaitu ez denean, datorren ikasturteko matrikulazio datuak amaitu den ikasturtearekin alderatuta "oso-oso antzekoak izango direla" aurreratu dute.

Euskaltegien eskaintza, hizkuntza ikasteaz haratago!

Euskaltegien jarduera euskara ‘ikastearekin’ lotu ohi da, hau da, hizkuntzaren jakintzarekin. Eta hala bada ere, ikasitakoa euskaltegitik kanpo erabiltzeko hainbat jarduera zehatz ere antolatzen dira euskaltegietan eta bertatik kanpo, hala nola, Berbalagun eta Gurasolagun programak, merkatarientzako, gurasoentzako edo etorkinentzako ikastaro bereziak, mintzapraktika saioak…Horiek guztiek bide ematen diote euskalduntzen dabilenari ikasitakoa kalean, lagunartean, saltokietan, udaletxean, familian… erabiltzeari.

Sustatzaileak eta hartzaileak

Aldundia eta Eudelekin batera, ekimen honen sustatzaileak Alkarbide Bizkaiko udal euskara zerbitzuen bilgunea eta helduen euskalduntzean diharduten eragile publiko eta pribatu guztiak dira, hau da, lehen aipatutako euskaltegi-sareak. Hartzaileak, berriz, Bizkaian euskaraz ez dakiten herritarrak eta euskalduntzen ari direnak dira, gutxi gorabehera, 700.000 lagun.

Euskarriak

Euskararen egunean egin ohi bezala, bi kartel eredu prestatu dituzte, bata ekimenaren irudi orokorra jasotzen duena eta bestea herrian dagoen helduen euskalduntzearen eskaintza iragartzen duena. Aipatu euskarriak Bizkaiko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen bitartez hedatu dira lurralde osora. Uribe Kosta eta Erandiori dagokienez, Erandio, Leioa, Getxo, Berango eta Mankomunitateko euskara zerbitzuek hartu dute ardura hori.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun