PPren planteamendua
Proposamen popularrak gogoratzen zuen Artatzaren proiektua 1914koa dela eta Manuel Smith Ibarra arkitektoak egin zuela Trianoko markes Victor Txabarri enpresariarentzat. "Joan den mendeko 10eko hamarkadaren erdialdeko hazkunde ekonomikoaren eta horren ondoriozko arte-berpizkundearen fruitu da jauregia, Smith arkitektoaren lanik esanguratsu eta onena, eta Ingalaterrako Ana Erreginaren estiloaren interpretazio lokal garbia". Gerra Zibilean gudarien kaserna ere izanda, Eusko jaurlaritzak 1989an eskuratu zuen eta zati bat zaharberritu egin zuen. Bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak lorategien ardura bere gain hartu zuen, parke publiko bihurtuz. Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 1997an Artatza jauregia ustiatzeko oinarriak onartu zituen, eta Lehendakaritzak kudeatu zituen geroztik eraikinaren administrazioa eta mantentze-lanak. Bertan, lehendakariek ministroak eta enbaxadoreak hartu zein gobernu batzarrak antolatu ditu, besteak beste. Horretaz gain, erakunde publiko eta pribatuek bilerak, afariak, ekitaldiak, kongresuak eta mintegiak egiteko noiz edo noiz alokatu dutela gogoratzen zuten popularrek.
"Hala ere, instalazioak, eraikinak eta lorategiak mantentzearen kostua kontuan izanda, ez da lortzen lursaila errentagarri egiterik, haren aukerak ikusita" nabarmentzen zuten. Egoera horri buelta emateko eta "ideia berriak" planteatzeko ideia lehiaketa iradoki zuten. PSE-EEk gehitzeko zuzenketa egin zien, auzokideek eraikina gehiago erabil zezaten erraztasunak emate aldera. Testua txertatzeko prest agertu zen Carmelo Barrio herenegun eta baita, nahi izanez gero, Getxoko Udalak eta Bizkaiko beste edozein udalak eraikina erabiltzeko ere. Vicente Reyes sozialistak aitortu zuenez, aurreko Jaurlaritza saiatu zen Artatzaren erabilpena sustatzen, baina ez zuen lortu. Ahalegina jarraitzeko eskatu zion EAJren exekutibo berriari.
Artatza saltzeko eskatu du Maneirok
UPDk ideia lehiaketaz haratago joan zen, Artatza jauregia saltzeko eskatuz. Bere ustez PPk asmo ona dauka, baina aurkeztutako lehiaketa ez da konponbidea, eraikina "alferrik delako". Bere ustez, Lehendakaritza egoitzak eta Ajuria Eneak jada betetzen dituzte lehendakariak protokolo aldetik dituen beharrak eta Artatza erabilpenik gabe gelditu da, "gero eta gutxiago". Bere ustez, salmenta ez litzateke "bihar edo etzi" izango, higiezinen merkatuaren egoera dela eta, baina aztertu beharreko aukera da.
Abertzaleak lehiaketaren aurka
Juan Antonio Arieta-Araunabeña legebiltzarkide jeltzaleak gogor kritikatu zuen Maneiroren jarrera eta gezurti eta koldarra izatea egotzi zion, oihartzun mediatikoaren babespean direnak eta ez direnak esateagatik. PPri zuzenduta, negozio helburua besterik ez izatea leporatu zion eta ondare publikoa defendatzea lehenetsi zuen. Era berean, galdetu zion zergatik PPk Araban dituen hainbeste eraikin publiko erabilpen mugatuaz edo erortzeko zorian bere erakundeek utziak. PSE-EEri Artatzan "erabaki txarrak" hartu izana aurpegiratu zion.
EH Bildu koalizioari dagokionez, hiru argudio erabili zituen PP, PSE-EE eta UPDren proposamenen aurka egiteko: ondare publikoen pribatizazioa ekiditea; Leioa eta Itzubaltzeta / Romoko auzokideek prozesu parte-hartzaile baten bidez Artatza jauregiaren gaineko erabakiak har ditzaten; eta enpresa pribatuen inplikazioa puntuala izatea, kudeaketa publiko baten pean.
Gauzak horrela, PSE-EEren gehitzeko zuzenketa atzera bota zuten, 9 ezezko boto, 5 baiezko eta UPDren abstentzio bakarra jasota. PPren proposamenak ere emaitza bera jaso zuen eta UPDko osoko zuzenketak adostasun gehien lortu zuen. Beste talde guztiek bere aurka egin zuten, 14 ezezko eta baiezko bakarra izan zirela.