Praktika artistiko heterogeneotatik abiatuta –Oñate Pintura masterrean dago eta Ruiz Ikerketa eta Sormenekoan– 25 lanez osatutako proiektua prestatu dute, bakoitzaren tankera azaltzen duten banakako artelanetan eta elkarrekin egindako beste batzuetan.
Matxalen Oñaten aburuz, “Costa Calma espazio aldagarria da, non, piezak kokatu, bildu eta erlazionatzen diren. Piezak tartekatzea eta topaketa berriak suertatzea xede nagusia duen prozesu ludikoa” da. Jira-birak bilatzen ditu, gai berari buruzko ikuspuntu zabalagoa aurkitzeko, eta ikuslea piezak ukitzera gonbidatzen du.
“Banderak, estandarteak, paretan zintzilikatutako oihalak, Pop Up hedatuak, paperezko pieza txikiak, mosaikoak eta bideoak. Bidaia baten oroitzapenak, merkatu bat, kanpin-denda arrosa eta berdea” dio berak. “Costa Calma” izena jarri dio.
Mikel Ruizek, bestalde, haurtzarorik urrunenera jo du familiaren argazki bildumaren bitartez, piktorikoki eraldaturik “desagertutako hainbat oroitzapen berreskuratu nahian”. “Inkontzienteki ahaztutako bizipenen birplanteaketa” erakusten du lanotan.
“El Festin” izeneko horren bitartez, azken urtean zehar burututako ikerketa eta sormen lana biltzen du Mikel Ruizek, eta bertan festaren kontzeptuaren eta bere prozesu artistikoaren artean egon litezkeen parekotasunak planteatzen ditu. Bere ikuspegitik, “festa eta prozesu artistikoa intentzionalak diren bi ekintza izateaz gain, ospatze edo burutze konpromiso zehatz batzuk eskatzen duten bi jarduera dira”. Eta esan du be “nolabaiteko elkartopaketa bultzatzen duten bi mundu hauek, eskaintzen duten askatasunaren bidez egunerokotasuneko mugak apurtzeko edo hauetatik urruntzeko aukera opa zaigu”.
Jesus Melendez irakaslearen eta erakusketaren komisariaren koordinazinopean, artista biek hiru zatitan banatu dute erakusketa-aretoa. Espazio bi berdinak, bat bakoitzarentzat, eta aretoaren beste zati baten elkarpuntu txiki bat, batera egindako lanak erakusteko, “lan bateratua, uniformea eta egituratua”, Louis Bougeois eta Tracey Emin artisten “Do not abandon me” proiektuaren moduan, baina euren lenguaiarekin.