Eskoziako bandera Sopelako udaletxean eskegita egongo da gaur. Izan ere, Sopelako Udal Gobernuak bat egin du herriek erabakitzeko eskubidea izan behar dutela aldarrikatzen duten ahotsekin. "Eskoziak bezala, Kataluniak eta Euskal Herriak ere erabakitzeko eskubidea behar dute", adierazi dute agintari sopeloztarrek. Era berean, udal gobernuak gaur deitutako mobilizazioekin bat egin du. "Gurean ere independentzia!" lelopean,
EH Bilduk kontzentrazioa egingo du 19:30ean, udaletxeko plazan. Eskoziarrek euren etorkizuna erabakiko dute erreferendum bidez, herrialde independentea izan ala Erresuma Batuaren menpe jarraitu. Erabakitzeko eskubide demokratikoaren gauzatze hori ospatzeko eta, era berean, Euskal Herriarentzat ere aldarrikatzeko hamaika mobilizazio izango dira. Horien artean, Getxoko
Gure Esku Dago taldeak ere ekimena antolatu du Algortan. 20:00etan jarri dute hitzordua Telletxen kontzentrazioa egin eta, ondoren, kantu-poteoan abiatzeko. Gure Esku Dagok kamisetak, banderak (Eskoziakoa, senyera, ikurrina, Nafarroakoa...) eta musika tresnak eramateko deia zabaldu du. Bitartean, Algortako eta Getxoko Ezker Abertzaletik babes osoa eskaini dio ekimen horri. Argazkian, udaletxeko balkoian ikusgai dago Eskoziako bandera / ©
Sopelako Udala.