Gainera, Udalak jakinarazi duenez, jai eremuetan saltzaile ibiltariak egotea eragotziko da, "legez kanpoko jarduera (tokiko merkataritzarako eragin negatiboa izan daitekeena) ez izateko".
Tabernen ordutegia
Udalerriko ostalaritzaren alde egiteko eta aldi berean herritarren atsedena bermatzeko, Areetako ostalaritza establezimenduek ordu bat eta erdi beranduago itxi ahal izango dute irailaren 19, 20 eta 21ean. Horrela, ostiralean eta larunbatean, 1. taldeko saltokiek (dastalekuak, izozki-dendak, txurro-dendak....) 02:30ak arte zabaldu ahal izango dute; 2. taldekoek (tabernak...) 04:30ak arte, eta 3. taldekoek (pubak...) 06:00ak arte. Igandean, irailak 21, 1. taldekoek 01:00ak arte zabalduko dute; 2. taldekoek 03:00ak arte eta 3. taldekoek, 04:30ak arte.
Terrazetan ohiko ordutegia izango da, 09:00etatik 23:00ak arte, baina ostiraletan eta jai-bezpera egunetan ordubetez luzatu ahalko dute zarratzeko ordua (00:00etara arte) eta udaldian (irailaren 30era arte) 01:00etara.
Berdintasunezko jaiak
Bestalde, Getxoko Udalak martxan jarritako "Eraso sexistarik gabeko berdintasunezko jaiak" lelopeko kanpaina Mesedetako Amaren jaietan ere izango da asteburu honetan, Areetan. "Herritar guztiei zuzendutako ekimenaren seigarren edizioak berdintasunezko jai eredua defendatzen du, pertsona guztiak gozatzeko elkartzen dituena, jokaera sexistarik gabekoa, eta emakumeak irtetea, paseatzea eta askatasun eta lasaitasun osoz ibiltzea ahalbidetzen duena", adierazi dute tokiko agintariek. Ostiralean, hilak 19, txapak banatuko dira kanpainaren leloarekin.