Bost egun baino ez Sopela Kosta Fest jaialdirako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 19a, 19:37

Bost egun baino ez dira falta Sopela Kosta Fest jaialdi berriaren lehenengo ediziorako. Irailaren 24tik 28ra bitartean, Sopelako hondartza ingurua eta udaletxe plaza jardueraz beteko dira, hiru ardatz nagusiren inguruan: naturaren babesa, surfa eta musika. Lehenengoari dagokionez, hegaztien behaketa, hondartza garbitzeko auzolana, apo lasterkariari buruzko bertso saioa eta bisita gidatua (sardina jana eta Gibelurdinen kalejira tartean) eta umeentzako birziklatze tailerrak izango dira. Surfarekin lotuta, berriz, zinema, mahai-inguruak, argazkiak egiteko ikastaro trinkoa, kluben arteko txapelketa, ikastaroak zein tailerrak debalde eta bigarren eskukko material azoka egongo dira. Azkenik, kontzertuak Udalak udaletxe plazan jarriko duen karpan egingo dira, eta honako taldeek parte hartuko dute: Zea Mays, Belako, Amparo Sánchez (Amparanoia), Los Coronas, Smile, Yellow Big Machine, Hey Mr Heken, Clarisse, Gibelurdinek, The Longboards eta hainbat DJ. Musika eskaintza zabala, publiko eta gustu ezberdinei zuzendua, baina surf-kutsu handiarekin. Bestalde, natura, surfa eta musikarekin lotutako jarduerez gain, jaialdiak beste ekimen batzuk izango ditu: hareazko eskulturak, Markeliñe taldearen “Zoozoom” antzezlana, parapentea, munduko zaporeen erakustaldia, itsas-kanten kantu jira, eta abar. Jaialdiaren informazio guztia www.sopelakostafest.com web orrian. Argazkian, Sopelako ikastetxeetako eskola-umeak surf ikastaroan, Peña Txuriren eskutik / © Sopelako Udala.

Naturaren babesa

Jaialdian naturaren babesarekin lotutako hainbat jarduera izango dira. Azken hiru urteetan, Sopelako Udalak hainbat proiektu bultzatu ditu ingurumenaren babeserako: Urko paduraren berreskuratze ekologikoa, SHK Sopelako Hondakinen Kontseiluaren abiatzea, bidegorri-sarea handitzeko asmoa, etorkizuneko Hirigintza Antolamendurako Plangintza Orokorrean (HAPO) eredu aldaketa, eta abar.

Sopela Kosta Fest jaialdian naturaren babesarekin lotutako honako jarduerak egongo dira:

- Birding, hegaztien behaketa: irailaren 27an eta 28an hegaztien behaketa egin ahal izango da, 08:00etan Wilex Tours elkarteko Pablo Perezen eskutik. Larunbatean kostaldeko hegaztiak ikusi ahal izango dira (Peña Txuri taldeko lokaletik irtenda) eta igandean mendiko hegaztiak (udaletxetik irtenda).
- Hondartza garbitzeko auzolana: irailaren 27an 10:00etan auzolan bat antolatu da Arriatera hondartza eta amildegiak garbitzeko. Peña Txuri taldeko lokalean izango da hitzordua. Hamaiketakoa egongo da parte-hartzaileentzat.
- Apo lasterkaria: irailaren 28an oso ekintza berezia ospatuko da. 19:30ean udaletxe plazan jarritako karpan bertso-saio bat izango da, Fredi Paya eta Ekaitz Larrazabal “Katxo”-rekin. Gaia apo lasterkaria izango da. Izan ere, Sopelako Udalak espezie hau berreskuratzeko ahaleginetan lanean ari da. Sardina-janaren ostean, Gibelurdinek taldeagaz kalejira egingo da Barinatxe hondartzaraino. Han, 21:30ean Barinatxe hondartzako izozki-postutik abiatuta, Aranzadi Zientzia Elkarteko lagunek apo lasterkariaren bisita gidatua egingo dute, apoa gauez irteten baita. Parte-hartzaileek frontala ekarri beharko dute.
- Birziklatze tailerrak. Jaialdian umeentzako hainbat jarduera izango dira. Irailaren 27an 12:00etan, adibidez, Kometa Festa ospatuko da.

Surfa

Jaialdiak surfarekin lotutako jarduera izango ditu:

- Surf Zinema. Jaialdiaren lehenengo jarduera izango da, udaletxe plazan egongo den karpan. 20:30etik aurrera film labur ugari egongo dira ikusgai: Kepa Acero, Natxo Gonzalez, Eneko Moro...
- Surf Plaza. Jaialdiaren bigarren egunean, Surf Plaza ekimena ospatuko da, surfaren inguruko mahai-inguruekin: Loiola Canales, Pilar Ezkurra, Bea Lamikiz, Ainhoa Aurrekoetxea, Gonzalo Urien, Natxo Gonzalez eta beste hainbat surflarik parte hartuko dute. Gainera, The Longboards Big Wave Surf Band taldeak kontzertua eskainiko du, eta amaitzeko hainbat DJ izango ditugu surfaren historiaren musika jartzen.
- Surf Argazkiak Masterclass. Javi Muñoz eta Juan Fernandez argazkilariek surf argazkiak burutzeko ikastaro trinko eta ikusgarria eskainiko dute: urpeko argazkiak, erretratuak eta edizio prozedura. Irailaren 26an 19:00etan Kurtzio kultur etxean.
- Euskal Herriko kluben arteko txapelketa. EHSF elkarteak antolatuta, irailaren 27an kluben arteko surf txapelketa egongo da: open surf, open body, master, senior, sub 18 body, sub 18 surf, sub 16 surf eta longboard.
- Surf ikastaroak debalde. Irailaren 27 eta 28an sopeloztar eta bisitariek surf ikastaroekin gozatzeko aukera izango dute. Izen ematea irailaren 17an amaitu zen.
- Surf olak. Irailaren 27an eta 28an 11:00etatik 14:00ak arte Arriatera hondartzan “Surf Olak” jarduera izango da: taula ezberdinak probatzeko aukera, taulen erakusketa, alaia tailerra, taulak, neoprenoak eta kamisetak artistikoki margotzeko tailerra, eta abar.
- Bigarren eskuko kirol materialen azoka (surfa, parapentea eta eskalada), irailaren 28an udaletxe plazan.

Musika

Lehenengo kontzertua irailaren 25ean izango da, osteguna, Long Boards rock taldearen eskutik. Lehen aipatu bezala, saioa Surf Plaza ekimenaren barruan ospatuko da, eta kontzertuaren ostean hainbat DJ izango dira, surfaren historiarekin harremana duen musika jartzen.

Ostiral eta larunbatean kontzertu nagusiak egongo dira. Irailaren 26an honako taldeek joko dute: Yellog Big Machine, Zea Mays, Hey Mr Heken eta Belako. Larunbatean, bere aldetik, Smile, Los Coronas, Amparo Sanchez (Amparanoia) eta Clarisse.

Igandean, azkenik, Gibelurdinek taldea egongo da, bertso-saio oso berezi baten ostean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun