Jesus Maria Zaballos de LLanos PSE-EEko legebiltzarkideak pasa den otsaila eta martxoko
denboraleek kaltetu zituzten Armintza eta Plentziako portuak lehengoratzeko lanen betetze mailaz eta kosteaz itaundu dio Eusko Jaurlaritzari. Pasa den irailaren 11n, Zaballosek hainbat galdera idatziz erantzun eta argitu zedin eskatu zion Ana Oregi Ingurumena eta Lurralde Politika sailburuari. Plentziari dagokionez, kofradiaren finger eta pantalanak izan zituzten matxurei buruz zein San Balendin dikean izandako balizko kalteez galdetu zuen. Armintzan, ordea, Txorropeko pasealekuko murruaz zein inguruko farolez eta hiri altzariez. Zaballosek lan guzti horiek dagoeneko bukatu diren eta kasu horretan zenbat denboran exekutatu diren ala horrela ez bada noizko amaituko diren galdetu du. Horrekin batera, lanen balioa ezagutzeko informazioa ere eskatu du, hala nola, zenbat kostatu duten edo zenbatetan aurreikusten diren eta zein partida ekonomikotik ordaintzekoak diren. Ana Oregik urriaren 7ra arte dauka erantzuteko epea, Eusko Legebiltzarraren prozeduren arabera. Halere, pasa den apirilaren 22an eta 25ean jada hainbat datu kaleratu zituen Zaballosek berak aurretik egindako beste galdera biri erantzutean. Argazkian, Armintzako portua pasa den apirilean zegoen bezala / cc-by-nc-sa
Maite Elorza.