Irailaren 27an, larunbata, Esaera Zaharren Txapelketaren bosgarren edizioa egingo dute Plentzian, "Bost ume ta lau titi" atsotitza leloa hartuta. Txapelketan parte hartzeko izen emate epea, baina, gaur bertan, hilak 20, amaituko da eta, hortaz, oraindik inskribatu ez diren interesatuek gaueko 24:00ak baino lehen egin behar izango dute. Horretarako ez dute inora jo egin beharko, ordenagailuan "klik" xume batzuk egitea nahiko izango baitzaie. Izan ere,
esaerazaharrakplentzian[abildua]gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaliz edo Facebookeko
Esaera Zaharrak Plentzian profilean idatziz eman baitaiteke izena. Orain arte izena eman duten 15 bikote edo hirukote parte hartzaileak, zein azken orduotan egin dezaketenak, irailaren 27ko goizeko 11etan izan beharko dira Plentziako eliz plazan, ibilbideak banatu eta dagokiena ordaintzeko. Bosna euro jarrita, lehiaketaren kanporaketan parte hartu eta bertako triki poteoan zein hamaiketakoan aritu ahal izango dira. Kanporaketan, ALBE eta Taket bertso eskolako kideek abestuko dituzten bertsoei erreparatu beharko diete, eta hitzez hitz eta hizkiz hizki asmatuko beharko dute zein esaera zaharraz ari diren, lehiaketako zerrendan dauden hirurogeiren artean. Horretarako, birritan entzun ahal izango dituzte bertsoak. Bestalde, herri bazkarira lotuko direnek, ordea, beste hamabina euro jarri beharko dute. Bazkariaren ostean finala abiatuko da, bertan Iratxe Ibarra eta Jon Maia bertsolariak arituko direla. Finalean zehar ez dira bertsoak errepikatuko. Jakina, ez finalean ez kanporaketan ezin izango da esaeraren zerrenda esku artean izan. Argazkian, Iratxe Ibarra bertsolaria.