Gizon bat atxilotu dute bi neskari sexu-abusuak egitea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 22a, 18:27

Atzo goizean, Ertzaintzak 44 urteko gizon bat atxilotu zuen Uribe aldean adingabeko bi emakumeri sexu erasoak egin, eta sexu harremanen truke dirua eskaintzea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, atxilotuaren tabernan izan ziren gertakariak, aipatu eskualdean. Polizia iturriek diotenez, atxilotuak askotan egin zien eraso bi adingabeei. Ukituak egin eta dirua eskaintzen omen zien sexu harremanak izatearen truke. Erasoak atxilotuaren tabernako komunetan izaten ziren, barratik bertatik sar zitekeelako. EITBk gertaerak Urdulizen izan direla zabaldu du, bai 15:00etako Teleberrian, bai agerkari digital bidez. Segurtasun Sailak, baina, udalerririk ez du aipatu komunikabideei helarazitako prentsa oharrean. Gertakizunekin jarraituz, adingabeetako baten aitak Whatsapp-eko mezu susmagarriak aurkitu ei zizkion alabari. Neskak gertatutakoa aitortu, eta salaketa jarri zuten. Kasuaren ardura hartu zuten ertzainek gjasotakoa argitzeko izapideak hasi zituzten eta atzo goizean atxilotu zuten ustezko gaizkilea, adingabeei sexu erasoak egitea eta adingabeak galbidean jartzea egotzita. Gaur goizean bertan ipini dute atxilotua epailearen esku. Argazkian, sexu indarkeriaren kontrako kontzentrazioa, artxiboko irudian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun