Polizien esku torturak jaso izana berretsi du epaiketan Beristainek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 23a, 19:10

Atzo arratsaldean Ertzaintzak Loiolan altxatutako herri harresia bortizki erausi eta bertan ziren bost auzipetuak atxilo eraman ostean, gaur jarraitu du Espainiako Auzitegi Nazionalean 28 gazteen kontrako epaiketa. Segi gazte erakunde ilegalizatuko buruzagiak izatea leporatuta, seina urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak. Bada, atzo bezala gaurkoan ere polizien esku jasandako tortura fisiko eta psikologiko latzak salatu dituzte abokatuen galderei erantzun baino ez dieten neska-mutilek. Goizean, Imanol Beristain Gutierrezi eta beste hiru auzipeturi heldu zaie txanda. Itzubaltzetarrak kalean atxilotu zutela adierazi du, Hodei Iruretagoiena Berria.info agerkarian zuzenean egindako kontakizunean laburbildu duenez. "Garrasi egin nuen nor nintzen, eta jipoitu egin ninduten: ostikadak, kolpeak… Korderik gabe utzi ninduten, hurrena oroitzen dudana da han nengoela blai eginda, izerditan, burua beherantz jarrita". Horretaz gain, bere buruaren aurka egitera behartu zutela salatu du Beristainek, komisarian deklaratutakoa gezurtatuz: "Handik atera behar nuen, nola edo hala. Beldurra, bakardadea, mehatxuak…”. Bere herrian, Itzubaltzeta / Romon, berrehun bat lagunek egin zuten manifestazioa atzo epaiketa berri hau eta Loiolako Aske Guneko atxiloketak salatzeko. Argazkian, uztailean Itzubaltzetan egindako agerraldia.

Bitartean, atzo, epaiketaren lehenengo saiora aurkeztu ez eta Loiolan desobedientzia ekintza burututako bost auziperatuak (atzo bertan atxilotu zituzten) Soto del Realen espetxeratzea agindu du Angela Murillo magistratua buru duen tribunalak. Egunero eramango dituzte kartzelatik ahozko saioetara, besteak beste, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez.

Beristainen atxiloketa

Imanol Beristain Gutierrez itzubaltzetarra 2010eko urriaren 22an atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Fernando Grande Marlaska epaileak Segiko Ipar Uribeko arduraduna izatea leporatu ziola. Bost egun beranduago, itzubaltzetarrak tratu txar fisiko zein psikologikoak pairatu zituela salatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Besteak beste, poltsa, kolpeak eta mehatxuen berri eman zuen. Harrez gero, prebentibo egoeran izan zuten Alcala espetxean, Getxotik 413 kilometrotara.

Kartzelan egon zen bitartean, alaba izan zuen Imanolek, kalera atera arte aurrez aurreko bisitetan baino ez zuena ikusi. Beristainen egoera salatzeko makina bat mobilizazio egin zuten bere herrikideek zein Algortako San Nikolas ikastolako lankideek, tartean Itzubaltzeta / Romoko hiru auzokidek 5.000 eurotako isuna ordaindu behar izan zuten, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak haien aurkako zenbait salaketa jarri ondoren.

"28ak ere libre!"

Auziperatutako neska-mutil guztiei Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izan izana leporatzen diete, Fiskaltzak seina urteko espetxe zigorra eskatu duela. Izan ere, delitu bera egotzi zieten urria eta urtarrila bitartean epaitutako Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarrari eta beste 39 laguni. Horiei pasa den ekainaren 11n absoluzioa eman zien Espainiako Auzitegi Nazionalean eta, egun batzuk beranduago jakin zenez, Fiskaltzak zein akusazio partikularrek uko egin zioten epaia errekurritzeari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun