Berriro ere Espainiako txirrindulari itzuliko etapa bat eskatu du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 23a, 19:48

2015eko Espainiako txirrindulari itzuliko etapa bat Getxon amaitu eta hurrengoa udalerritik abiatzea nahi du tokiko PPk. Kirol proba horren antolatzaileei horixe bera eskatzea proposatuko dio Marisa Arrue popularren bozeramaileak, iraileko osoko bilkuran, datorren asteartean. Arruek gogoratu du 2009ko azaroan horren pareko mozioa onartu zuela Udalbatzak, PP eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EAJ eta Alternatibaren kontrakoekin. Legez kanporatzeen ondorioz, ezker abertzaleak ez zeukan ordezkaririk osoko bilkuran. "Onartu arren, alkateak (Imanol Landa ere bazen udal agintaria orduan) uko egin zion eskatzeari, udalerria sustatzeko aukera paregabea galduz". 2011ko irailean ere 2012ko itzulirako eskatu zuten etapa, udal batzarrean. Oraingoan, baina, Getxo Europako Kirolaren Hiria izendatu izana mahai gainean jarri du Arruek, bere eskaera janzteko. Argazkian, besteak beste, Getxoko Zirkuitua / Ricardo Otxoaren Oroimenezko Txirrindulari Lasterketa tarteko getxoztarren artean dagoen kirol horrekiko zaletasuna ere aipatu du Arruek.

Bestalde, orain egun batzuk Arabako ahaldun nagusiak Gasteizerako egin zuen antzeko eskaera: "2015eko Espainiako Itzuliko presidenteak erantzun zuen ibilbidea planteatuta zegoen arren, aipatu etapa sartzeko aukera egongo litzatekeela, are gehiago Bizkaiko udalerriren batek ere eskatuko balu, hobeto bat egiteko", azaldu du Getxoko PPren bozeramaileak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun