Bihar hasiko da
Sopela Kosta Fest jaialdi berria. Bost egunetan zehar, irailaren 24tik 28ra bitartean, hondartza inguruan eta udaletxe plazan hamaika jarduera izango dira: surf txapelketak, izen handiko kontzertuak, naturaren babesarekin lotutako jarduerak, eta abar. Jaialdiari hasiera emateko, bihar, surfarekin lotutako zine-maratoia egongo da udaletxe plazako karpan. 20:30ean hasiko dira lehenengo emanaldiak, eta 23:00etan amaitzea aurreikusten da. Uribe Kostako eta inguruko egileen (Kepa Acero, Natxo Gonzalez, Eneko Moro...) film laburrak ikusteko aukera izango da. Jaialdiaren bigarren egunean, Surf Plaza ekimena ospatuko da, surfaren inguruko mahai-inguruekin: Loiola Canales, Pilar Ezkurra, Bea Lamikiz, Ainhoa Aurrekoetxea, Gonzalo Urien, Natxo Gonzalez eta beste hainbat surflarik parte hartuko dute. Hain zuzen ere, horren barruan eskainiko du jaialdiko lehenengo kontzertua Long Boards rock taldeak. Kontzertuaren ostean hainbat DJ izango dira, surfaren historiarekin harremana duen musika jartzen. Argazkian, Sopelako ikastetxeetako eskola-umeak surf ikastaroan, Peña Txuriren eskutik / © Sopelako Udala.