Ertzaintzaren zenbait patruila gaizkileak bilatzen hasi ziren; handik gutxira susmagarriak aurkitu zituzten Algortako erdigunean. Agenteek identifikatu eta atxilotu egin zituzten, beren deskribapen fisikoa bat zetorrelako bi erasoen egileenarekin. Gainera, bi biktimen dokumentuak eta zenbait kreditu-txartel zeramatzaten gainean, polizien bertsioaren arabera. Ertzainek ustezko lapurrak atxilotu zituzten. 20 eta 18 urte dituzte, eta Neguriko ertzain-etxera eraman zituzten, eginbideak egiteko.
Ekainean atxilotu zuten antzeko delitu batengatik
Susmagarrietako bat joan den ekainean ere atxilotu zuten Areetan emakume bati eraso egiteagatik. Emakume horrek ere ospitalean amaitu zuen. Astelehenean, San Inazio inguruan prozedura bera erabiliz egindako beste lapurreta bat ere leporatzen diete atxilotuei. Bien bitartean, azken asteotan izandako kasuetan parte hartu ote duten ikertzen ari dira agenteak. Eusko Jaurlaritzaren ustez, erasoek "alarma handia" eragin zuten eskualdean, eta, ondorioz, Getxoko Ertzaintzak prebentzio-dispositibo berezia ezarri zuen. Epailearengana eramango dituzte atxiloak datozen orduetan.