Inaugurazio-ekitaldian parte hartu dute Joseba Goikouria aipatu herriko alkateak, Patxi Juaristi soziologoak, Iñaki Goiogana historialari eta erakusketaren arduradunak eta Juan Agirre gudariaren senideek. Arana Goiri batailoiko hamalau gudari hil ziren 1936ko irailaren 25ean Zirardamendi-Aiastia (San Migel)-Elgoibar frontean: Juan Agirre, Mungiako Astrabuduako batzokira atxikitako militantea, Emeterio Llavori (Erandio), José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa (Getxo), Eusebio Gaubeka (Leioa), Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbulu. Guztiak Arana Goiri batailoikoak, Erandio, Leioa, Getxo, Santurtzi, Bilbo eta hiriko Begoña eta Abando elizate ohiak, Barakaldo eta Portugalete herrietako gazte haiek 36ko gerrako fronte hartan hil ziren.
“Garrantzitsua da Juan Agirre eta Emeterio Llavori bezalako gudariak nahiz beste gudari abertzale eta miliziano sozialista, komunista eta anarkista batzuk gogoratzea eta gorazarre egitea, haietako askok euren bizia eman zuten eta oraindik ahanzturan lurperaturik daude-eta”, adierazi du Joseba Goikouria Erandioko alkatek.
Sabino Arana Fundazioaren arabera, euskal gazte haien jarkierak ejertzito altxatuaren aurrera egitea eragotzi zuen eta frontea zenbait hilez egonkortzea lortu. Horrenbestez, Autonomia Estatutua, Madrileko Gorteetan urriaren 1ean onetsia izan zelarik, eraginkor bihurtu ahal izan zen eta urriaren 7an Lehendakari aukeratu zuten Jose Antonio Agirre, zeinek Gernikan bere kargua zin egin ahal izan baitzuen. Horretara, lehenengo Eusko Jaurlaritzak armada bat eregitea lortu zuen, baita milaka eta milaka errefuxiatu (umeak batez ere) sorotsi zituen laguntza-sare bat ere, unibertsitate bat, euskarazko egunkari bat, hezkuntza-sare bat, etab. Hori guztia 1936ko urria eta 1937ko ekaina bitartean.
"Izan ere, altxatuek euren aurrerakuntzan jarraitzerik izan balute, ez zatekeen eratuko lehenengo gobernu autonomiko hura eta, ondorioz, ez ziren gauzatuko hark ondoren jadetsi zituen lorpenak. Beraz ez da faltsua ez gehiegikeria", azpimarratu du Iñaki Goiogana erakusketaren arduradunak; esatea ze “Agirreren Gobernuaren zereginari eutsi zioten zutabeetako bat, irailaren 25ean Bilboko Patronatutik abiatu ondoren Zirardamendin borrokatu ziren gudari haiek finkatu zutela, beraietako batzuek bertan bizia ere heroikoki galduz”.
“Hasiera batean gatazka hartan jazo ziren gudu ugarietako bat besterik ez lirudikeenak azken buruan esangura garrantzitsua izan zuen Euskadirentzat. Gatazka hura mugarri bat izan zen, bere aurrekoa eta ostekoa bereizi zituena, eta neurri handi batean baita gure Herriaren historian eragin handia izango zuena ere”, aipatu du Goioganak.
Memoria historikoa
Memoria historikoa berreskuratzeko zeregin horretan, erakusketaren arduradunak Juan Agirreren senideek (Francisco Javier eta Maria Jesús Rasines Agirre zein Felipe Agirre) ekitaldian zeudela baliatu dute dei bat egiteko Emeterio Llavori erandioztarraren senideei, edo beroriek ezagutu ditzakeenei. “Beharrezkoak dira oraindik galduta dauden gudariak ahaztuta geratu ez daitezen, eta egunen batean haren gorpuzkinak identifikatu ahal daitezen ”, esan dute.
Sabino Arana Fundazioak, zenbait udalekin eta beste instituzio eta kultur erakunde batzuekin besteak beste, Aranzadi Elkartearekin eta Santxo de Beurko elkartearekin, elkarlanean antolatutako erakusketa hori oroipenezko egitarau zabal baten barruan dago, hain zuzen ere bere ondorioengatik 36ko gerran euskal lurretan agitu zen gudurik garrantzitsuenetako batean parte hartu zuten gudari eta milizianoei gorazarre egiteko antolatua berori.
Joseba Goikouriak zera ere adierazi du: “Erandiotik, eta erakusketa honen bitartez, nahi dugu, iragana lurpetik atera eta memoria historikoa berreskuratu, eta hala egin nahi dugu iragan traumatiko hori gainditzera eramango gaituen sentimendu batetik, eta nahi dugu elkarbizitza sustatu orain eta etorkizunean. Edozein kasutan ere, bidezkoa egia jakitea da".
Panelak azalpen-testuekin, argazkiak, jantziak, borrokan erabilitako trepetak (kaskoak, armak, eskuko bonbak, kantinplorak, mahai-tresnak, platerak, zenbait jantzi), beira-arasak Aranzadik 2012an Zirardamendin hustutako fosa komunean aurkitutako gauzaki pertsonalekin, eta abar. Hori guztia ikusi ahalko da Altzagako azoka zaharrean, urriaren 8ra bitartean; astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 21:00etara, eta larunbat eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Gero ero Leioara, Mungiara eta Santurtzira joango da, eta azkenik, Bilbora, itxiera ere hor izango delarik.