EPPK: "Sakabanaketak 25 urte: amaitzeko garaia da"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 24a, 20:04

EPPK-ko kideok martxoan abiatutako Euskal Herriratze ekimena amaituta, agiri honen bidez gure gogoeta konpartitu nahi dugu euskal jendartearekin. Espainiar eta frantses estatuek beti nahi izan dute bere atzaparretan eroritako euskal borrokalariak beren ingurune hurbiletik aldendu. Duela 25 urte, EPPK-ren aurkako errepresioaren torlojuari koska bat gehiago estutu zioten, euskal preso politikoon ordura arteko deportazioari, sakabanaketa gehituz eta orokortuz. Askapen borrokaren katebegi ahulena ginelakoan, Kolektiboa apurtzeko apustu gogorra egin zuten. Gure artean zatiketa lortuz gero, kartzelara ekarri gintuen askapen prozesuak berea egina izango zuelakoan. Hartara, isolatu nahi izan gintuzten eta gure senide eta lagunekiko harremanak zaildu ez ezik, herritarrekikoak eten. Gainera, hori egiteko une esanguratsua hautatu zuten: Aljerian ETAk eta Espainiako Gobernuak izandako elkarrizketa politikoen hausturaren biharamuna. Une politiko giltzarri horretan, Ajuria-Eneako ituneko alderdien oniritzi eta babesarekin abian jarritako presoon sakabanaketa, Estatu espainiarrak 1989an indartutako estrategia errepresiboaren beste atal bat izan zen, militanteen errematatzea, errefuxiatuen deportazioa eta herritarren aurkako gerra zikinarekin batera. Argazkian, abuztuaren 21ean Aimar Hidalgo algortarra libre geratu ostean, egun Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten lagunen artean Uribe Kostako 24 bizilagun dago; horietatik bost Frantziako espetxeetan dira eta gainontzekoak Espainiakoetan / © Getxotik_aske.

25 urteren ondoren, gu eta gure hurbilekoak bete-betean jo gaituen politika anker horrek eragin dizkigun zauri eta sufrimenduak ez ditugu ezkutatu nahi. Kartzeletan, errepideetan, manifestazioetan, burkide, senide, lagun eta herritarren artean eragindako hildakoak eta zaurituak izotz-mendiaren alde ikusgarria baino ez dira.

Ez dugu sakabanaketa eta deportazioarekin amaitu, baina prozesu politikoak bere bizkar jarri zuen erronka horri eutsi dio Kolektiboak. Onartuko ez badute ere, badakite huts egin dutela, ez baitute helburua lortu.

Kolektiboak egoera berriari aurre egiten jakin izan zuen, antolatu eta borroka-fronteari eusten. Eta alde horretatik, apaltasunez esan dezakegu Kolektiboak lehengo lepotik duela burua.

Ez dugu sakabanaketarekin eta deportazioarekin amaitu, eta hala ere eskerrak emateko une aproposa da urteurren hau:

- Eskerrak, alboan izan zaituztegun guztiei, zuek gabe ez baikenukeen lortuko zigor erantsiari eustea, gure urruntzea eta sakabanatzea erabateko isolamendu ere bilaka zedin ekiditea.

- Eskerrak guraso, anai-arreba, seme-alaba, emazte, senar, senideei oro har, eta baita adiskide, lagun eta herritar ezezagunei ere, errepidez, airez eta itsasoz Euskal Herrira lotzen gaituzten sustraiak etenik gabe ureztatu dituzuenoi.

- Ezin zenbatu elkarretaratze, manifestazio, gose-greba eta mota guztietako ekitaldi eta ekimenen bidez ziegetako bakardadeari aurre egiteko ezinbesteko laguntza eta elkartasuna ekarri diguzuenoi.

- Aipamen berezia egin behar diegu urte guztiotan antolakunde desberdinen bidez presoon eskubideen defentsan elkartasunezko zeregin militantea kartzelarekin ordainarazi dieten herritarrei. Ohore eta aberastasun handia izan da EPPK-rentzat burkide horien ekarpena.

Guzti horri esker, kaleetan gure argazkiak erakustea debekatu eta zigortzeraino iritsi badira ere, euskal preso politikook, urrunduta eta sakabanatuta bagaude ere, inoiz baino babestuago eta herrian txertatuago sentitzen gara, gure herriaren alde antolatzen diren ekinbideen partaide sentitzen gara.

Iragan 25 urteotan egoera politikoa asko aldatu da. Are gehiago, ETA Erakundeak 2011ko urrian borroka armatua behin betirako uztea erabaki ondoren.

Ez da aldatu ordea menpean gaituzten estatu bien jokabidea: krisi ekonomikoaren aitzakiaz aberats eta bankariak saritu eta langileak eta herritar xumeak zigortzen dituzten horiexek berek, EPPK-ren aurkako erasoaldian etenik jartzeko asmorik ez dutela erakusten digute, egun batean bai eta hurrengoan ere.

Sinestea zaila baita askorentzat Euskal Herrian bizitzen ari garen egoera berrian, eta Arkaitz Bellon burkidearen heriotzaren ostean, Iosu Uribetxeberria, Ibon Iparragirre, Ventura Tome, Ibon Fernandez eta gaixo dauden burkideekin eta adinekoekin egiten ari direna.

Ulertezintasuna hedatzen da Fernando Sota tafallar gaztea presoon argazkiengatik urtebetera kondenatzea eta gainera kartzelan sartu eta deportatzea; edota Aritxulegiko Gudarien oihana desegitea eta horren aitzakian herritarrak atxilotzea.

Jokabide hori ez da berria guretzat, baina Euskal Herriko egoera berrian harrigarria gertatzen da askorentzat.

Urruntasun honetatik ordea, argi ikusten da Europako Tribunalak 197/2006 doktrina indargabetu ostean, espetxealdia luzatzeko Audientzia Nazional espainiarrak hartu berri duen erabakiaren modukoekin estatuak zein helburu politikoren atzetik doazen. Oraindik ere katebegi ahultzat gauzkaten horiek: aurrena, etsipena hedatzea; ondoren, prozesu politikoa ez atzera eta ez aurrera mantentzea; eta azkenik, Euskal Herriko prozesu politikoa errailetik ateraraztea.

Horra sakabanaketa eta urruntzea mantentzeko erabakiaren zinezko azalpena.

Sakabanaketa abiarazi zuten unean berean aldarri berri bat sortu zen euskal herritarren eztarrian: «Euskal presoak Euskal Herrira!». Aldarriak inoiz baino indar gehiago du gaur egun. «Giza eskubideak, konponbidea, bakea» lelopean egindako urtarrileko manifestazio erraldoiak segida eskatzen du, helburua lortu arte.

Iragan hileotan, EPPK-k egin du ekarpena espainiar eta frantziar kartzeletan gauzkaten presoon deportazioarekin eta sakabanaketarekin amaitzeko.

Estatuen erantzuna argia izan da: zirrikiturik ere uzten ez duen ukoa.

Eta estatuen jarrera krudel eta itxi horren aurrean, EAJk hurkoak ere harrituko zituen jarrera agertu du berriki: estatuek gure oinarrizko eskubideak errespeta ditzaten nahi badugu, presook notario aurrean damu gaitezen gonbidatuz.

Beraiek baino ezin dute jakin zein helbururekin eta zein asmok gidatuta egin diguten eraso presooi eta gure senide eta lagunei. Nabarmena dena da, sakabanaketaren erantzuletzat ezker abertzalea eta Kolektiboa bera seinalatzen duten adierazpenekin eta antzekoekin, euskal jendartean urtarrileko manifestazio bateratuak bezala ekainaren 8ko giza kateak piztu ilusioa hozten dutela.

Espainiar Estatuak zigor zaharrari, hau da deportazio eta sakabanaketari, helburu politiko berria aurkitu dio: konponbide prozesua lokazten saiatzea. Duela 25 urte EAJ-ren bedeinkazioa izan zuen sakabanaketak. Orain ere bedeinkazioa ematen jarraituko du? Hobe luke EAJ-k jendartearen gehiengoarekin bat egin eta legez kanpoko zigor erantsia diren neurriak amaitzeko urratsak ematea.

Urtarrilaren 11ko Bilboko manifestazioak bezala, ekainaren 14ko Baionakoak erakutsi zuen Kolektiboak duen babes anitza. EPPK-ko kideok gure Euskal Herriratzea eskatuz abiatutako ekimena bururaino eramateko behar-beharrezkoa da euskal jendartearen parte hartzea sustatzea.

Kolektiboak urrats ausarta egin du espainiar eta frantses legedien bidean. Euskal Herriratze eskaeren ukoei, orain helegiteen bidez erantzungo diegu. Baina, euskal herritarren parte hartze aktiboa ezinbestekoa izango da guztion artean estatuen jarrera itxia aldatzeko.

Zuen laguntza behar dugu Euskal Herrira itzultzeko!

Beti bezain ozen, inoiz baino tinkoago:

Euskal Presoak Euskal Herrira!

Amnistia, autodeterminazioa!

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun