Abortatzeko eskubidea aldarrikatuko dute bihar osasun-zentroetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 25a, 17:15

Igandean, irailak 28, Abortatzeko Eskubidearen Nazioarteko Eguna izango da eta data hori oinarri hartuta hainbat manifestazio deitu du Euskal Herrian Abortatzeko Eskubidearen aldeko Plataformak. Haietako bat Bilboko Arriaga plazatik irtengo da, igandean, goizeko 12etan. Aurretik, berriz, osasun-etxeetan zein ospitaletan mobilizazioak deitu dituzte biharko, ostirala, Plataformak berak zein ESK, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek. Oraingoz, Gurutzeta, Basurtu eta Usansoloko zentroetako deialdiak baino ez dituzte baieztatu. Goizeko 11:30ean izango dira, hamar minutuz. Halere, litekeena da datozen orduetan mobilizazioak beste herri batzuetara ere zabaltzea. Abortatzeko Eskubidearen aldeko Plataformak eta sindikatuek kaleratutako oharrean nabarmendu dute PPren "erreforma ultramontanoari" mugimendu feministak eta jendarteak emandako erantzuna "oso jendetsua" izan dela. Era berean, besteak beste eskatu dute PPren lege erreforma baztertzeaz gain abortua Zigor Kodetik desagerraraztea, doan abortatzeko araudia sortzea eta prebentzio politikak ezartzea. Argazkian, abortatzeko eskubidearen aldeko martxa bat Algortan.

Abortatzeko Eskubidearen aldeko Plataformak eta ESK, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek zabaldutako testua


IRAILAK 28, ABORTATZEKO ESKUBIDEAREN NAZIOARTEKO EGUNA

1990etik eta Latinoamerikako eta Karibeko erakunde feministen proposamenaren ondoren, irailak 28an Abortatzeko Eskubidearen Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Aurten PPren gobernuaren aintzinako garaietako erreforma ultramontanoak kalera aldarrikatzen ateratzera behartu gaitu, berriz ere emakumeok gure gorputzen eta bizitzaren gainean erabakitzeko eskubidearen alde.

Emakume-mugimenduaren eta, orokorrean, gizarte osoaren erantzuna oso jendetsua izan da, eta argi utzi du ez dugula emakumeon oinarrizko eskubideen aurkako eraso zuzena suposatzen duen lege hau nahi.

PPren aurre aurreproiektuak emakumeon erabakitzeko eskubidea ekidin nahi du, berau osasun langileen zein abortatzen lagundu nahi duten inguruko edozeinen aurkako zigor eta zehapenen bitartez burutu nahi dute. Emakumeak, berriz, ez dituzte zigortuko, ez behintzat zigor-epaitegietan, biktima moduan hartzen dituzte eta, ondorioz, ama moduan bakarrik azaltzen dira, eskubideen subjektu eta hiritar moduan desagertuz. Emakumeen tutela eta gaitasungabetze honek aintzinako garaietara garamatza.

Inguruabar honetan, osasuneko profesionalen eta mugimendu feministaren arteko hartuemana ezinbestekoa da. Eta marko horretan publikoki lege atzerakoi hau salatu nahi dugu eta argi utzi, legeak aurrera jarraituz gero, emakumeek abortatzeko eskubidea burutzeko diktadurako eta Francoren ondorengo sareak berrerabiltzeko prest gaudela.

Lege honen benetako borondatea emakumeen gorputzaren gaineko kontrola da, gizakion erreprodukzioaren gaineko kontrola eta, haatik, sistema kapitalistaren eskulanarena. Lege klasista da, baliabiderik gabeko emakumeak berriz ere klandestinitatera daramatza eta bere osasunerako arriskua dakar, baliabideak dauzkaten emakumeek atzerrian abortatuko duten bitartean. Abortatzeko eskubidearen ukapena oinarrizko eskubideen planaren barnean kokatu behar dugu, baita PPk inposatu nahi duen eskubiko ideologiaren barnean ere.

Horregatik guztiarengatik, Abortatzeko Eskubidearen aldeko Plataformak eta ESK, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok bat egiten dugu irailak 28ko aldarrikapenarekin eta dei egiten dugu irailak 26an ospitale zein osasun-zentruetan burutu behar diren 10 minutuko kontzentrazioetan parte hartzera, abortatzeko eskubidearen praktika askea ekidin eta kriminalizatzen duen araudi honen aurka eta exijitzen dugu:

Alberto Ruiz Gallardon ministroak aurkeztutako Sortutakoaren eta Haurdun den Emakumearen Eskubideen Babeserako Lege Organikoa berehala baztertzea.

Abortua Zigor Kodetik desagertzea eta berau osasun publikoaren barruan eskubide eta prestazio moduan arautzea.

Emakumeek dohainik aborturako eskubidea ziurtatuko duen araudia sortzea, bere gorputza eta sexualitatea disfrutatzea ziurtatuko duena, erreprodukzioaz gain eta edozein sexu-aukeratik aske.

Prebentziorako politika publikoak ezartzea, bereziki sexu-hezkuntza eta antisorgailuen sarbiderako gaietan.

Eusko Jaurlaritzari legea onartuz gero berau ez aplikatzeko alternatiba eta estrategia guztiak bila ditzala, baita emakumeek dohainik modu askean erabakitzeko eta abortatzeko eskubidea ziurta dezala ere.

ABORTUA ESKUBIDEA DA ETA ESKUBIDEAK EZ DIRA NEGOZIATZEN
BORROKAN JARRAITZEN DUGU!!!

GORA EMAKUMEON BORROKA!!!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun