Hain zuzen ere, aisialdirako gune bat egokitzeko asmoa dago, hiri-altzariekin (paperontziak, bankuak, aulkiak, iturriak, kale-argiak...) eta berdegune eta lorategiak izango dituena. Horrez gainera, eremu berria Urduña kalearekin lotzen duten oinezkoentzako ibilbideak urbanizatzeko lanak egingo dira eta urbanizatuko den zatiaren alde batean oinezkoentzako pasealekua ere izango da. Irisgarritasunari dagokionez, lanak indarrean dagoen araudia betez egingo dira.
Auzotarren parte-hartzea
Udalak herritarren parte-hartzea bermatzeko burututako prozesuaren ostean –zeinetan berrogeita hamar bat iradokizun jaso diren–, hasiera bateko proiektua aldatu egin da; izan ere, auzotarren proposamen ugari sartu baitira bertan, Getxoko Udaletik baieztatu dutenez. Jolasgune, hiri-altzari, lorezaintza, irisgarritasun, argi, aparkaleku eta bidegorriari buruzko iradokizunak aurkeztu dituzte, besteak beste.
“Parte-hartze prozesu horrekin, auzokoek lurperatuta geratu den eremuaren urbanizazio proiektuaren definizioa bideratzen laguntzeko aukera izan dute, hiritarrek erabiltzeko esparru berria irabaziz”, aipatu du Arregik.