Iberiar penintsulan uda pasa ostean, zikoina hori eta berarekin batera zihoan taldea, migrazio bidean ari ziren negua Afrika erdialde edo erdi-hegoaldean igarotzeko. Beddiafek askatutako zikoina horri, Plentzian jarri zioten eraztuna 2013an, bere bi neba-arrebekin. Hiruei Aranzadi zientzia elkarteko eraztun metalikoa jarri zieten, bakoitzak bere kode propioa zuela. Horretaz gain, PVCzko bi eraztun ere jarri zitzaizkien; bata, horia eta bestea, beltza kode zuriduna. Eraztun guzti horiek Bizkaiko zikoinen eraztunketa programakoak dira eta horien bitartez aleen identifikazioa burutzen laguntzen dute. Zikoina honen urruneko identifikazio kodea honakoa zen: AI.
2005 eta 2008 bitartean zikoina zuriaren birsartze programa martxan jarri zen Urdaibai biosfera erreserban. 2007an, bi urte lehenago askatu zuten Uzelay izeneko zikoina izan zen lehena Urdaibain ugaltzen. Horren ondorioz, urte horretan bertan bi zikoina kume jaio ziren, hain zuzen, urte askoren buruan Urdaibain jaiotzen ziren lehenak.
2010etik aurrera bi zikoina kume horietatik bat, arra eta 33 zenbakiduna, bueltatu zen eta telefono linea bateko dorre batean habia eraiki zuen, toki hiritartu batean. Lehen urte horretan, eguraldi kaxkarra eta tenperatura baxuak direla bide, kume guztiak galdu egin zituen. Hurrengo urteetan aldiz hainbat kume aurrera atera zituen: 2011an, 4; 2012an, 2; 2013an, 3; eta 2014an, beste 2.
Pasa den urtean, Plentzian instalaturiko zikoinaren habiaren toki aldaketa egin zen, telefono dorre batetik beren beregi eraikitako plataforma batera. Habi aldaketa lanetan zihardutela kumeei eraztunak jarri zizkieten, kodeak honako hauek izan zirela: AI, AJ eta AK. Horrez gain, odol eta gorotzen laginak hartu zizkieten Neikerrek daraman ikerketa baterako.
Aljerian istripua izan den zikoina "negupasarako tokira iritsi dadin espero dugu, bertan negua pasa ondoren berriz ere Euskal Herrira bueltatzeko eta bere lehen kumeak jaiotzeko. Horrela, Uzelayk Urdaibain hasitako bideari jarraipena ematea" espero dute Aranzadi elkarteko kideek.