Gudari Eguna gogoratzeko afaria gaur Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 26a, 12:32

Erregimen frankistak fusilatu eta 39 urtera, ETA erakunde armatuko kide izandako Juan Paredes Manot "Txiki" zarauztarra eta Anjel Otaegi Etxebarria azpeitiarra gogoratuko ditu irailaren 27ko (larunbata) Gudari Egunak. Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena FRAPeko kideekin batera erail zituzten. Bada, testuinguru horretan, afaria eta solasaldi politikoa antolatu dute gaurko (ostirala) Abian kultur elkartean. Hitzordua 21:30ean jarri dute Algortako Bidebarri kaleko 2. zenbakiko herriko tabernan, txartelak bertan salgai daudela 10 eurotan. Solasaldia Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso ohi, kazetari eta idazle itzubaltzetarrak zuzenduko du. Bestalde, igandean Hendaiako Beltzenia frontoian finkatu dute Gudari Eguna, 11:30ean hasita. 30 urte bete zirela iaz GAL erakunde parapoliziala sortu zenetik, urteurrena baliatu nahi dute biktimak omentzeaz gain, orduz geroztik iragan 30 urteko "inpunitatea" salatzeko eta "justizia" eskatzeko. Nazio ekitaldi horretara autobusez joateko zerrendak ohiko lekuetan daude, tartean Abian herriko tabernan. Argazkian, Gudari Eguneko ekitaldia Algortako Txiki eta Otaegi plazan, artxiboko irudian.

Bestalde, Abian Kultur Elkarteak gogoratu du Asier Borrero Toribio "Tortu" preso politiko algortarrak egindako koadro bat zozketatzen ari direla. Lortzen den diru guztia Arkaitz Bellon "Pantxi" Elorrioko preso politikoaren heriotza salatzeagatik Algortako 3 lagunek jasotako isuna ordaintzeko erabiliko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun