Sopelako hitzorduaren kartela
https://flic.kr/p/p7Hr9K

Barrikako ekimenaren kartela
https://flic.kr/p/ppdCTt

Uribe Kostako surf zaleek bere kirol kuttunaz gozatzeko ezinbesteko bi hitzordu izango dituzte bihar, larunbatarekin. Alde batetik, egunotan musika, natura eta surfa bateratzen ari den Sopela Kosta Fest jaialdiaren barruan, Euskal Herriko Surf Elkarte Arteko Txapelketa jokatuko da Arrietara hondartzan. Beste aldetik, pasa den irailaren 6an itsaso zakarra zela eta atzeratu behar izan zuten Mikro eta Tomy-Barrika Surf Classic Memoriala ere izango da, Barrikako hondartzan. Sopelako lehiari dagokionez, goizeko 9etan abiatuko da taldekako norgehiagoka, Bizkaiko eta Gipuzkoako 10 taldek parte hartuko dutela open surf, open body, master, senior, 18 azpiko surf, 18 azpiko body, 16 azpiko surf, neskak eta longboard kategorietan, Euskal Herriko Surf Federazioak zabaldu duenez. Gainera, festibaleko egun guztietan bezala, makina bat ekimen gehiago burutuko dute surfaren inguruan. Amarratz Barrikako surf taldeak antolatutako memorialean, berriz, etxeko surflariak arituko dira, goizeko 8etan Barrikako hondartzako "heliportuan" lotu direnak. Bertan, lehia baino garrantzitsuagoa izango dira omenaldiak, bai Tomy eta Aletxuri hirugarren urtez egingo diotena eta baita Julio del Val-entzat prestatzen diharduten "omenalditxua" ere, bera bertan izaten saiatuko direla. Proben ostean, 20:00etan, Plentziako Kaian hotelean batuko dira Barrikako surfzaleak sariak banatzeko eta omenaldiak burutzeko. Argazkia: © Sopelako Udala.


HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!