Sopelako Esaera Zaharren Txapelketaren eredutik edan eta Plentzian horren moduko proba ezarri zutenetik bost urte bete ziren atzo. Halere, zorionak gora eta behera, bihar ospatuko ditu urteak atsotitzen jaialdi plentziarrak. Larunbat honetan,
Esaera Zaharren Txapelketaren bosgarren edizioa egingo baitute itsas hiribilduan, "Bost ume ta lau titi" atsotitza leloa hartuta. Txapelketan parte hartzeko 21 taldek eman dute izena eta ohi legez bihar goizeko 11etan izan beharko dira Plentziako eliz plazan, ibilbideak banatu eta dagokiena ordaintzeko. Bosna euro jarrita, lehiaketaren kanporaketan parte hartu eta bertako triki poteoan zein hamaiketakoan aritu ahal izango dira. Kanporaketan, ALBE eta Taket bertso eskolako kideek abestuko dituzten bertsoei erreparatu beharko diete, eta hitzez hitz eta hizkiz hizki asmatu beharko dute zein esaera zaharraz ari diren, lehiaketako zerrendan dauden hirurogeiren artean. Horretarako, birritan entzun ahal izango dituzte bertsoak. Bestalde, herri bazkarira lotuko direnek, ordea, beste hamabina euro jarri beharko dute. Bazkariaren ostean finala abiatuko da, bertan Iratxe Ibarra eta Jon Maia bertsolariak arituko direla. Finalean zehar ez dira bertsoak errepikatuko. Jakina, ez finalean ez kanporaketan ezin izango da esaeraren zerrenda esku artean izan. Argazkian, Iratxe Ibarra bertsolaria.