Getxo udalerriko luxuzko etxeak erakutsiko dituzte Ondarearen Jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 26a, 19:12

Getxo udalerriko etxe handi eta dotoreak izango dira protagonistak aurtengo Ondarearen gaineko Jardunaldietan, Udalak zabaldu duenez. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, lurraldeko 60 tokiko erakundeen laguntzarekin egingo dira jardunaldiak, tartean Getxo dela. Ekimenaren helburua, "herritarrei gure ondarea hurbiltzea da, hori mantentzeko, ezagutzeko eta gozatzeko bultzatzen diren kalitatezko jardueren eta esperientzien bitartez". Aurtengo leloak, “Etxez etxe”, doakoak diren jarduerez osatutako egitarau zabala proposatzen du. Getxo udalerrian urriaren 3an hasiko da, Jose Maria Beascoechea historialariak eskainiko duen hitzaldiarekin: “Ibilbidea denboran eta espazioan zehar Getxoko etxeetatik”. Solasaldia 19:00etan izango da Getxo Elkartegian, Areetako Ogoño kaleko 1. zenbakian. Urriaren 4an bisita gidatuak hasiko dira: “Atxekolandeta eta Zugatzarteko Etxe Handi eta Dotoreak” (San Joseren Jauregira bisita barne), hilaren 4, 11 eta 25ean. Irteera 10:00etan egingo da Itsasoan Galdutakoen Etxetik. Argazkian, Neguriko Los Rosales Jauregia / © Bizkaiko Foru Aldundia.

“Neguri: urte osoan bizi izateko bizitegi auzoa” izenburukoa, hilaren 5, 12, 19 eta 26an izango da (Rosales Etxera bisita barne). Irteera 10:00etan egingo da Neguriko Karmengo elizatik, eta “Ereagako hondartzari begira: San Inazio” (Santa Klarara bisitaldia barne), hilaren 4, 5, 11 eta 12an izango da. Oraingo honetan irteera 12:00etan izango da San Inazio plazan (udaletxe aurrean).

Doako bisita gidatuetan parte hartzeko erreserba aldez aurretik egin behar da Turismo Bulegoan, 944 910 800 telefonoa zenbakian.

Ignacio Uriarte Turismo zinegotziak aipatu duenez, “edizio honetan ekimen pribatuaren lankidetza azpimarratu nahi dut, hala nola Seguros Bilbao eta San Joseren Jauregiarena, beren egoitzak zabalduko baitituzte herritarrek bisitatu ditzaten”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun