Datorren astean ere aparkatzeko tokien desagerpena eta trafiko mozketak izango dira Algortan eta Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 26a, 19:30

Algortako Abasota eta Benturillena kaleetako bide-zorua konpontzeko lanek eragina izango dute zirkulazioan datorren astelehenean, hilak 29. Getxoko Udala udalerriko hainbat kaletan egiten ari den asfaltatze obren barruan dago jarduera hori. Izan ere, bide-zorua konpontzeko lanak direla eta, 08:00etatik 18:00ak arte, Abasota kaleko zati bat itxi egingo da ibilgailuentzat, San Nikolas eta Basaldua kaleen arteko zatia, eta helburu horretarako seinaleztatutako aparkatzeko guneak ere libre utzi beharko dira. Jarraian, Benturillena kalean egingo dira asfaltatze lanak, Lorenzo Areilza eta Arrigunagako Jaitsiera kaleen artean. Tarte hori ere itxi egingo dute astelehen arratsaldean, hilak 29, eta asteartean, hilak 30, 08:00etatik 18:00etara. Lanak amaitutakoan haiengatik aldatutako seinaleztapen horizontala ipiniko dute berriro. Bestalde, asteartean ere Itzubaltzetako Aurrezki Kutxa kaleko zati bat itxiko da berriro ere, Errekagane eta Kresaltzu kaleen artekoa, Romo Kultur Etxeko obretan material hustuketa egiteko. Zirkulazio etetea 08:30ean hasiko da eta aipatu lanak amaitutakoan irekiko da kalea berriro. Argazkian, Algortako errepide bat moztuta artxiboko irudian.

Ondorioz, lan horiek eragina izango dute ibilgailuen zirkulazioan, eta horregatik ibilgailuek beste kale batzuk aukeratu beharko dituzte ibiltzeko, hala nola, Ezekiel Agirre edo Lope de Vega kaleak. Oinez doazen auzotarrentzat, berriz, bidea zabalik egongo da kale tarte honetan.

Santa Eugeniako horma

Egun berean, irailaren 30ean, hasiko dira Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia kaleko atzealdean dagoen euste-hormako zuloa atontzeko lanak. Hain zuzen ere, Santa Eugeniako aparkaleku publikoan dauden bateriako aparkaleku batzuk eta haren ondoan dauden etxebizitza-bloke zenbaiten atzeko fatxada aldentzen dituen horma da, Getxoko Udalak zehaztu duenez. Udalak egingo dituen lanak, lehen-lehenik, 158 metroko luzera duen hormaren eta fatxaden artean dagoen zuloa garbitzeko izango dira, zuloan dagoen betegarria kenduz. Betegarria drainatze-materiala da, denboraren poderioz trinkotu eta erabilezin bihurtu dena. Betegarriak kaltetutako fatxada ere konpondu egingo dute. Horiek amaitzeko epea 2 hilabetekoa da, eta denboraldi horretan aipatu tartean dauden aparkaleku-plazak okupatu egingo dituzte, lanak garatu ahala. Horiek amaitutakoan, okupatutako plazak zerbitzuan jarriko dira berriro.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun