Datorren astelehenean, hilak 29, protestei ekingo diete Erandioko Makro merkataritza zentroan dagoen jatetxeko beharginek, ostatua itxi ez dezaten eta bertako sei lanpostuak manten daitezen, CCOOk zabaldu duenez. Izan ere, Sociedad Iberica de Restaurantes de Tecnologia Avanzada (Sirta) enpresak astelehenean iragarri zuen Enplegua Erregularizatzeko Espedientea (EEE) aurkeztu eta Estatu espainolean dituen 18 jatetxeetatik 17 itxiko dituela, 150 behargin kalean utzita. Bakarrik Madrilgoa salbatuko du. Aurretik, hilaren 17an, langileekin negoziatzeko epe bat zabaldu zuen, urriaren 16an amaituko dena. Halere, CCOOk zein SCI-F sindikatuek "barregarritzat" jo dute enpresaren proposamena, kaleratze kalte-ordainak urteko 22 egunetara mugatzen baititu, 12 hilabetetan langa jarrita. Bi sindikatuek langileen %94 kaleratuko lukeen itxiera salatu dute. Sirtaren bazkide nagusia Makro Autoservicios Mayoristas da eta enpresak Makrori ordaintzen dizkio lokalen alokairuak. Makro Metro talde alemaniarraren jabetza da, Media Markt eta Saturn bezala. Sirtaren arabera, 2008tik "egoera oso zailean" dago enpresa, salmentak nabarmen erori direla argudiatuta. Era berean, aurretik "galerak metatu" egin zituztela diote. Hortaz, jarduera mantentzea "bideraezina" da, enpresaren arabera. CCOOk salatu du datu ekonomikoak ezkutatzen dabilela.