Igandean Alderdi Eguna ospatzera deitu dute eskualdeko jeltzaleek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 26a, 21:40

Besteak beste, Barrikako batzokiak eta Plentzia, Leioa, Getxo, Gorliz eta Altzagako EAJko batzarrek deitu dute etzi, igandean, ikurrinaren bat hartu, Forondara hurbildu eta EAJren Alderdi Eguna ospatzeko. Aurtengo leloa, "120 urte bihotzean", ikurrinaz ari da, bandera nazionalak 120 urte bete dituelako Luis eta Sabino Arana Goiri anaiek diseinatu zutenetik. Hori dela eta, ikurrina etxean ahaztuta utziko duenak Forondan banatuko diren 12.000 aleetakoren bat hartu ahal izango du, irudi erraldoia osatzeko. Halere, badira zeregin zehatzak izango dituztenak. Altzaga eta Astrabuduako jelkideek, esate baterako, txosna txanda izango dute Txorierriko ostatuan 13:30etik 15:45era. Dena den, getxoztarrek txanda andana izango dute, ohi bezala, txosna propioa izanda. Uribe Kostako EGIko kideak, baina, gaur heldu dira Forondara, EGIk urtero ospatzen duen kanpaldiaren harira. "110 urtez ikasten egonak" jarri diote leloa aurten. Koldo Mediavilla EBBko Arlo Instituzionaleko burukide algortarrak eta Pilar Garcia de Salazar EBBko idazkariak Sabin Etxean azaldu zutenez, aurten espero dute aurreko edizioetan bezala Forondako zelaietan milaka alderdikide eta alderdizale batzea. Argazkian, Mediavilla eta Garcia de Salazar Alderdi Egunaren aurkezpenean / cc-by-nd EAJ.

Izan ere, Alderdi Eguna "egun berezia, oso egun berezia" da "sendi jeltzalea osatzen dugunontzat. Egun seinalatua, espeziala, Euzko Alderdi Jeltzalea osatzen dugun milaka alderdikideontzat", nabarmendu zutenez. EAJren urteroko jaian mezu politikoa eta jai giroa uztartuko dira, "urtez urte EAJk bere jendea mugiarazteko duen gaitasuna agerian uzten duen ekitaldian".

Alderdi Egunak esanahi handi eta sakona du EAJrentzat. Aralarren 1977an ospatu zen lehen Aberri Egunetik aurrera eta gaurko egunetara arte, ospakizun hori elkartzeko jaia izan da nagusiki: "sentimenduz eta konpromisoz abertzale garen milaka pertsona elkartzen gara, famili arteko gertakizuna izango balitz bezala".

Alderdi Eguna prestatzeko 90 boluntario dira azken hilabetean lanetan ari direnak. Ekimena 400.000 metro koadroko zabalgunean ospatuko da. 130.000 metro koadro erabiliko dira ospakizunerako, 25.000 metro koadro izango dira karpak jartzeko eta gainerakoa da aparkaleku eta zerbitzuetarako. 29 txosna eta 140 jantoki jarriko dira eta 20.000 bazkari emango dira. Aplikazio teknologikoei dagokienez, aurten ere eskaintza zabal eta osoa aurkeztu ahal dugu. Alderdi Egunerako web gune txikia sortu dute (Eaj-pnv.eu/alderdieguna) eta bertan egitaraua, streaming zerbitzua eta informazio praktiko guztia eskainiko dute. Web gune horrek telefono eramangarrietarako bertsioa ere badu.

EGIren kanpaldiaren egitaraua, ostiralean

• 20:30ean, ikurriñaren igoera.
• 21:30ean, afaria.
• 23:00etan, dj-a.

EGIren kanpaldiaren egitaraua, larunbatean

• 12:00etan, irteera.
• 14:30ean, bazkaria eta jarraian kantaldia.
• 19:00etan, hitzaldia Xabier Agirre ABBko lehendakariaren eskutik.
• 21:30ean, afaria.
• 22:30ean, pankarta txapelketa.
• 23:00etan, musika taldea.

Alderdi Egunaren egitaraua, igandean

• 10:00etan, ongi etorria.
• 10:00etatik 14:30era, Txiki-txoko.
• 10:30ean, meza (hizlarien tribuna aurrean).
• 11:15ean, agintarien eta UBBetako desfilea.
• 12:00etan, ekitaldi politikoa Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Andoni Ortuzar EBBren presidentea arituko direla.
• 13:15ean, herri-kirolak eta ondoren erromeria.
• 15:30etik 18:30era, Txiki-txoko.
• 16:00etan, disko festa.

Aurtengo Alderdi Egunaren kartela

10155304_10152795367716204_6568747417165546467_n
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun