Guztia galtzeko arriskuan dauden familiei laguntzeko neurriak eskatu ditu Getxoko PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ira. 29a, 14:01

Porrot ekonomiko edo etxe-gabetuak izateko arriskuan dauden familia getxoztarrei laguntzeko plan integrala sortzea proposatu du Getxoko PSE-EEk, "krisialdia luzatzen ari den garai honetan gehien behar dutenei irtenbideak emateko asmoz". Biharko udal batzarrerako aurkeztu duten mozioan, besteak beste, hipotekek zorpetutakoek galduta aurkituz gero, horra jo izango duten familia eta norbanakoen sarea eratzea proposatzen dute tokiko sozialistek. Baita, hipoteka dela eta porrot ekonomikoa jasateko arriskuan dauden familien kasuan, horiei arreta egin eta aholkuak emateko Gizarte Zerbitzuak ahalik eta lasterrek aktibatzea ere. Halaber, Agustin Ruiz Getxoko PSE-EEren zinegotziak azaldu duenez, "kasuaren larritasunak horrela eskatzen duenean, Eusko Jaurlaritzaren Hipoteka Bitartekaritza Zerbitzuarekin, etxe-gabetzeen kontrako elkarte-sarearekin eta / edo Zuzenbide eta Ekonomia adituekin koordinatuta egongo dira Udal Gizarte Zerbitzuak, kasu bakoitzak behar duen irtenbiderik egokiena bilatzeko". Horretaz gain, egoera horretan dauden familiei lehentasuna ematea proposatu dute, horretara Larrialdiko Laguntza Ekonomikoen zerbitzua bideratuz: hau da, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak urgentziaz tramitatzea eta Gizarte Larrialdi Udal Laguntza bat sortzea, horretarako aurrekontua ezarriz. Argazkian, pasa den maiatzaren 13an ekidin arren, Ertzaintzak Algortako Aldapa kaleko familia bat etxe-gabetu zuen ekainaren 24an.

Halaber, Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin edota jakiak ematen dituzten bestelako entitateekin bitartekari lanak egitea eskatzen dio Getxoko PSE-EEk Udalari. Baita Caritasekin hitzarmena ere, onartutako diru-laguntzen ordainketa aurreratzeko. Bestelako neurrien artean, Laguntza Psikologiko Zerbitzua sortzea, udalerriko merkataritza guneekin elikagai bilketa adostea, kaleratuak direnei berehala etxea ematea eta udal tasak eta zergak ordaintzeko orduan luzamendua eskatzen dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun