LOMCEk 38.4 artikuluan xedatzen du hezkuntza administrazioek gaztelania eta hizkuntza koofiziala "arrazoizko proportzioan" batu behar dituztela, ikasleek biak menderatzeko. Gainera, sistema autonomikoan esku hartu ahalko duela xedatzen du, baldin eta Estatuko Administrazioak uste badu ez dela puntu hori bermatzen.
Eusko Jaurlaritzak akordioaren garrantzia nabarmendu du, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko legediak bi hizkuntzak "arrazoizko proportzionaltasun" irizpideekin erabiltzea bermatzen duela aintzatetsi eta azaldu baitu. Hala, Espainiako Estatuak ezingo ditu esku hartzeko tresnak aplikatu adierazitako kasuan.
Gainera, 39. xedapen gehigarriak exijitzen du "hizkuntza koofiziala eta literatura" eta "gaztelania eta literatura" ikasgaiek tratamendu bera izan dezatela heziketaren etapa guztietan. "Arlo horretan lortutako akordioa ere oso garrantzitsua da, Espainiako Gobernuak onartu duelako Euskadik murriztapenik ez izatea bi ikasgaien eskola orduak ezartzeko, baldin eta oinarrizko araudiaren mugak betetzen baditu", azaldu du.
Eskola Kontseiluak
Eskola Kontseiluei dagokienez, ikastetxeetako zuzendaritzaren eta parte hartzeko organoen arteko harremanen erregularizazioari buruzko akordio partzial bat izan da. LOMCEren helburua da Eskola Kontseiluek erabakitzeko gaitasunik ez edukitzea eta proposamenak egiteko organoak soilik izatea, baina, akordioari esker, Espainiako Gobernuak onartu du hezkuntza administrazioei dagokiela harreman horiek kudeatzeko modua ezartzea.
Akordioari esker, Eusko Jaurlaritzak zentroen eta parte hartzeko kide anitzeko organoen zuzendaritzen arteko harremanak definitu ahal izango ditu, azken horiek hezkuntza zentroek hartzen dituzten erabakietan duten rol garrantzitsua bermatuta.
Azkenik, beste hiru akordio partzial lortu dituzte, ikasleen onarpena erregulatzeari buruzkoak Lanbide Heziketako ikastetxeetan (41. art.), unibertsitateetan (38. art.) eta curriculum espezializazio modularreko ikastetxeetan (84.2 art.). Akordio horri esker, Espainiako Gobernuak onartu du agindu horietan adierazitako kasuetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkiola ikasleak onartzeko prozedurak eta irizpideak ezartzeko eskumena eta erabakia.