Izan ere, pasa den maiatzaren 27an, Getxoko osoko bilkurak Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean sendi topagunea eratzea onartu zuen, horretarako Udalari Algortako Aingeru etorbidean hutsik duen eraikina lagatzea eskatu ziola. EAJ abstenitu zen eskuduntza Eusko Jaurlaritzakoa dela esanez. Gaur, ordea, "behar-izanen azterketa" egitea eskatu dute Batzar Nagusietako jeltzaleek, "bideragarritasuna" ikusteko. Ainara Aretxabaleta EAJko legebiltzarkideak azaldu duenez, badaude beste udalerri batzuk Getxok baino "behar handiagoak" dituztenak. Aipatu duenez, Getxon eskaera txikia da, 2013an Bizkaiko beste elkarguneek "Getxoko 11 umeri" besterik ez baitzieten arreta eman. Hortaz, "logikoentzat" jo du Bilboko zentroa indartzea. Edozein kasutan, deribazio judizialaren bidezko familia elkarguneen eskuduntzak Eusko Jaurlaritzaren esku daudela gogorarazi du.
"Arrakasta" popularra
Getxoko Alderdi Popularrak, bere aldetik, "arrakastatzat" jo du Bilbon eta Ezkerraldean bezala, Uribe Kostako udalerrian familia topagunea izan dadin maiatzean abiatu zuen ofentsibaren emaitza. Izan ere, Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramailearen ustez, egun "proiektu hori gauzatu dadin Getxoko Udalak beharrezko instalazioak erraztea besterik ez da falta". Gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek proiektuari emandako bultzada bat dator pasa den maiatzean Udalbatzak emandako babesa, baina bata zein bestea ez dira funtsekoenak. Bai aldiz Eusko Legebiltzarrarena. Bertan, pasa den ekainean onartu zuten sendi elkargunea sortzeko tramiteak abiatzea, Udala eta Aldundiarekin bat, eta Juana Iturmendi legebiltzarkide popularrak 2015erako aurrekontuetan proiekturako funtsak gordetzea eskatu du.
Proiektua 2010ean jaio zen. Orduan, popularrek 2011ko aurrekontuetan zerbitzu hori sortzeko baliabideak, 100.000 bat euro, onartzea lortu zuen. 2011n, PSE-EEk gidatutako Eusko Jaurlaritzak elkargunea gauzatzeko hainbat informazio eskatu zion Udalari eta tokiko erakundeak igorri zion. Halere, ondoren egitasmoa gelditu zen, inolako azalpenik gabe. Popularren arabera, "Udal Gobernua zerbitzua kudeatzeko hitzarmena sinatzeko gauza ez zen izan". Hori dela eta, maiatzean Getxoko Udalbatzak egin bezala, Imanol landa alkate jeltzaleari eskatu diote udal instalazioak uztea. Guneak behar dituen ezaugarriak direla eta, Aingeruaren etorbideko udal eraikina proposatu dute berriro ere, hutsik egoteaz gain, joan-etorri handiko tokia delako, garraio publikoaren bidez ondo komunikatua eta, aldi berean, diskretua delako. Arruek gogoratu duenez, soilik 2013ko hirugarren hiruhilekoan 69 banantze eta dibortzioak izan ziren Getxon. Azkenik, kontuan hartu du Kidetza banandutako gurasoen elkarteak egindako txostenei. Bertan, beharrezkotzat jotzen zituzten familia topaguneak 40.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan. "Horrela, Getxok jada bi topagune izan beharko lituzke" iritzi dio Marisa Arruek.