Besteak beste, Antton Olariaga, Iñaki G. Holgado, Asisko Urmeneta, Juan Luis Landa eta Patxi Huarte "ZaldiEroa"ren obrak argitaratu dituzte. Halaber, idazle ezagunak ere erakarri dituzte argitalpenera gidoiak egiteko, esaterako Harkaitz Cano, Eider Rodríguez, Iban Zaldua, Toti Martínez de Lezea, Arantxa Iturbe eta Patxi Zubizarreta.
Jordi Bernet
Jordi Bernetek (Bartzelona, 1944) bizitza osoa eman du komikiaren munduan. Istoriotxoa ardatza zen familian hezi zen (bere aita Doña Urraca pertsonaia ospetsuaren sortzailea zen) eta Bruguera argitaletxeko egile nagusiekiko harreman estua izan zuen. 60ko hamarkadan "Pulgarcito" aldizkarian hasi zen lan egiten eta horren ondoren Bardon Art ingeles-espainiar agentzian jasi zen jarduten. 1967an Frantzia-Belgikako merkatura pasatu zen, "Spirou" aldizkarian eta 80ko hamarkadaren hasieran berriro itzuli zen Espainiara, "Metropol", "Cimoc" eta "Comix Internacional" aldizkarietan lan egiteko. 1982. urtean Alex Toth ordezkatu zuen "Torpedo 1936" sailean. Enrique Sánchez Abulík gidoiak jarrita, elkarlan oparoa hasi zuten eta nazioarteko arrakasta berehala ailegatu zen. Garai horretan honako lan hauek ere nabarmendu behar dira: "Kraken", "Custer" eta "Light & Bold", besteak beste.
90ko hamarkadan Carlos Trillorekin eta Eduardo Maicasekin sortu zuen "Clara de noche", "El Jueves" aldizkariko sail ospetsuenetako bat dena. Aldi berean Bonelli argitaletxe italarrarentzat "Tex" western-saila ospetsuan jardun zen. Halaber, "Jonah Hex" sailean ere aritu da eta aldizkako lanak egin ditu DC argitaletxe amerikarrarentzat. Aipatzekoa da "The Spirit" sailarentzat egin zuen omenezko istorioa, horren sortzailea zen Will Eisner handia zendu ondoren. Bere ibilbide profesionalean hainbat sari ospetsu jaso ditu Bernetek, esaterako Angoulêmeko komiki-jaialdiko Atzerriko Album Onenari emandakoa ("Torpedo 4" albumari), Bartzelonako Komiki Azokaren Sari Nagusia (1991) eta Yellow Kid saria (1995) Nazioarteko Artista Onenaren sailean.
Kevin O'Neill
Kevin O'Neillek (Erresuma Batua, 1953) gazteentzako umore komikietan egin zuen debuta baina laster nekatu zen gai horretaz eta "2000 AD" aldizkarientzat hasi zen lan egiten. 80ko hamarkadatik Estatu Batuetako merkatuan jardun da eta polemika-ardatza bilakatu zen Comics Code Authority kontrol-erakundeak berak eginiko istorio batez kexa egin zuelako. Lan hori, "Blackest Night" lan ospetsurako oinarria izan zen. 1999an Alan Moorerekin elkarlanean "The League of Extraordinary Gentlemen" bizitza luzeko saga sortu zuen eta horri esker nazioarteko ospea lortu du.